Egia ostea eta egia

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 26a, 00:00

Trumpek irabazi du Ameriketako Estatu Batuetan (AEB). Rajoyk irabazi du Espainian. Kolonbian bake-prozesuko akordioari ezetz esan diote. EAJk irabazi ditu EAEko hauteskundeak. Britainia Handian Brexita izan da nagusi. Podemos izan da EAEko lehen indarra hauteskunde espainiarretan.

Oxford hiztegiak 2016ko berbatzat jo du egia ostea edo post-egia (ingelesezko post-truth), gertaera horietako zenbaiti azalpena eman diezaiokeelakoan. Ez denei, dirudienez. Batez ere Brexita, Trumpen garaipena eta Kolonbiako ezetza zerrendatzen dituzte adibide gisa. Egia ostea zera ei da: iritzi publikoa mezu emozionalen eta norbanakoen usteen arabera egituratzea, datu objektiboetan edo egitate frogatuetan oinarrituta baino. Berritasuna duen fenomeno gisa aurkeztu digute, nahiz eta propagandaren mekanismo nagusienetakoa beti izan den emozioak manipulatzea eta jendartearen sinesteak elikatzea, gero eurekin konektatzeko.

Propagandaren parekoa ez bada, zer da orduan post-egia? Zein dira jazoera bat egiaren ostekotzat jotzeko ezaugarriak? Gainerako erabaki politiko guztietan arrazonamendu sakona al da erabakien gidari? Zertara dator hitz berria? Egia gainditu duena zer den esaten zaigunean, aurreko egia edo egia bera zer den esaten zaigu inplizituki. Nik ateratako ondorioa honakoa da: post-egiatzat hartzen dira komunikabide handiek eta ohiko botere-egiturek aldeztutako jarreraren aurka doazen erabakiak. Hori zen, antza, “lehengo egia”, elite politiko eta mediatikoaren egia. Terminoa ontzat ematea, hortaz, hedabideen objektibotasun erabatekoan sinestearen parekoa litzateke, orain arte informazioa propagandaren atzaparretatik at egon dela irenstea. Ja! Desinformazioa ohiko praktika ez balitz bezala.

Post-egiatzat hartzen dira komunikabide handiek eta ohiko botere-egiturek aldeztutako jarreraren aurka doazen erabakiak. Hori zen, antza, “lehengo egia”, elite politiko eta mediatikoaren egia. Terminoa ontzat ematea, hortaz, hedabideen objektibotasun erabatekoan sinestearen parekoa litzateke, orain arte informazioa propagandaren atzaparretatik at egon dela irenstea. Ja! Desinformazioa ohiko praktika ez balitz bezala
 

Hori irakurrita, baten batek pentsa dezake mass media-k boterea galdu duela esaten ari naizela, apaldu dela iritzi publikatuak iritzi publikoan duen eragina. Kontrakoa baieztatzera noa, ordea. Hedabideek eurek barreiatzen dituzten usteak dira post-egia izendatutako horren bazka. Integrazioa eta berdintasuna bezalako hitz handiak darabiltzate, baina eguneroko praxia horretatik oso urrun dago. Eguna joan eguna etorri azpimarratzen dute delitugileren baten jatorria edo etorkina dela. Eguna joan eguna etorri genero estereotipoz betetako albisteak kaleratzen dituzte, emakumea gutxietsiz eta bigarren mailan jarriz. Eguna joan eguna etorri hauspotzen dute patriotismoa, beste gaitz askoren anestesiko gisara. Eta horrela zerrenda luzea osatu liteke.

Neo-faxismoak gizartean latente dauden joera horiek hartu eta propagandaren ohiko egitura erretorikoz jantzi ditu. Jendearen egoera latzarekin bat egiten duen diagnostikoa egin ostean, antidoto gisa aurkezten dituzte pentsamendu oinarrizkoenean txertatutako aurre-juzkuak. Eta pertsona askok hor topatu du egoera iraultzeko esperantza. Hori da kezkatu beharko gintuzkeena. Post-egiarekin batera, beste eufemismo bat dago boladan, alt-right edo eskuin alternatiboa delakoa, faxismoaren mutazio hori zuritzeko erabiltzen dena.

Bada, bien bitartean, egiak gordina izaten jarraituko du, eta bizi gaituen errealitatea azaltzeko post-egia bezalako hitzarrapoak aurkeztuko dizkigute, aldi berean, egiaren eraikuntzari buruzko hausnarketa eta pentsamendu kritikoa, filosofia, institutuetatik kentzen digutenean. Eta interes orokorreko aktualitate gaiak programatu beharrean reality showa-k jartzen dizkiguten horiek, horiexek esango digute zer den egia ostea, egia zer den fidatzearekin batera. Gero alferrikakoa izango da pedagogiarekin hastea.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide