Gauzak maitatu daitezke?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mar. 19a, 00:00

Etxea hustu. Gainezka egiten diguten trasteez libratu. Loturak askatu. Modu minimalistagoan bizi. Halako kontsignak dira zorionerako errezeta berria. Garbiketa egiteak lekua sortu eta sentsazio ona uzten du. Baina nik ez dut nahi histeria horren presioaren mende bizi, bota nezakeen gauza bakoitzagatik kontzientziaren har gaiztoa aditu. Kaos dosi bat onartu nahi dut nire etxean.

Gure auzokoak inoiz bukatzen ez den lana izaten du. Behar ez dituen gauzak kutxa batean sartu eta kalera ateratzen du kutxa; akaso ondotik pasatzen den norbaitek nahiko ditu berak alde batera uzten dituenak. Arau bati jarraitzen dio kutxan bukatuko duten gauzak aukeratzeko orduan: objektua esku artean hartzean, oraindik maite duela sentitzen badu, gorde egiten du. Osterantzean, agur! Banatzeko tenorea. Kontatzen duenagatik, hastea izaten da zailena. Gero, zirt-zart doa epaiketen segida. Gutxiago erosiko balu, ez luke horren sarri horrenbeste gauza izango botatzeko.

Estilo minimalista duen etxe batean sartzen naizenean, o, miresmena sentitzen dut. Hustasun dotore hori, eta osagarri bakoitza arta handiz aukeratua! Kontrako muturrean dago bildumazalea, baina haren espazioan ere erabat txundituta geratzen naiz, seduzituta ia, Walter Benjaminek entziklopedia magikoa deitzen duen horrek inguratzen nauenean. Bildumazaleari gauzak gertatu egiten zaizkiola esaten du Benjaminek. Eta erritmo sosegatuan bizi denez, atzetik joaten zaie, topo egiten du haiekin. Horrela, pieza berri bat ernetzen da bere begien aurrean, jatorrizko funtziotik eta errealitatetik bereizten den zerbait. Ametsetik hurbil dagoena.

Bildumazaleak ere behin eta berriz hasi beharreko zeregina hartzen du bere gain. Ez zigor gisa, Sisifok bezala, baizik eta beste aukerarik geratzen ez zaiolako. Objektuen jabetzaren bitartez, beren gauza-izaeraz hustu behar ditu hauek. Maitale-balioa eman behar die, erabilera-balioaren ordez.

Badirudi maitasunak bizirik ez dauden gauzekin ere lotzen gaituela. Beste norbaiten hitzak emango ditut hemen: Kamiseta zahar bat gordetzeko gai ez dena, nola izango da fidela pertsonekin? Ni neu ez dakit ikuspuntu honekin bat natorren, baina zer pentsatua eman dit. Beste gai askorekin bezala, zatikatuta sentitzen naiz honekin ere. Ziur badirela harremanei eusten ez dakitenak, baina etxea trastez goraino dutenak. Seguruenez, inguratzen gaituzten gauzekin dugun harremanak zerbait esan nahi du. Gure etxeak nor garen kontatzen du. Objektuekin batera haragitzen ote da hein batean gure nortasuna?

Minimalismoaren mandamenduak ezin du denontzako izan. Nik onartzen diot bere alde erakargarria. Baina ahots saboteatzaile batek kontra egiten dio nire barruan. Gehienetan, nahiko genukeenaren eta egiten dugunaren arteko atalase batean flotatzen dugu, kontraesanez eta azaldu ezinezko gauzen itsaso batean.

Parabola moduan irakur daitekeen pasadizo batekin bukatuko dut. Charles Dumont-ek, txikia bada ere, objektuek arima bat dutela esan zuen elkarrizketa batean. Édith Piaf-en kanturik ezagunena, Non, je ne regrette rien, konposatu zuen Dumont-ek. Harrokeriak hartu zuen batean, bere piano zaharra Probentzan zuen landetxera eraman, eta Steinway garesti bat erosi zuen. Laster konturatu zen, ez zutela askorik elkarri esateko. Bere balioa baino askoz gutxiagogatik saldu, eta piano zaharra berreskuratu zuen. Maitasun harreman bat zuen pianoarekin, eta ez zuen berriro abandonatuko.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide