Elizan, kanpaia...

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mar. 19a, 00:00

Kontu zaila da –gaitza– gai abstraktuei eta erakunde inpertsonalei buruz baino, hezur-haragizko pertsonei buruz hitz egitea. Batez ere, gaiak tabu-itxura hartu baldin badu inoiz.

Gazteek sufritzen dituzten eraso sexualen heren-laurden bat gertatzen dira Elizako profesionalen esku: adin nagusikoak atsegindurik eta adin txikikoak mindurik. Neurriak aspaldi hartuak behar zituen Elizak, hainbat norbanakoren mina eta horrenbesteko morbo mediatikoa saihesteko.

Zein da arrazoia umeen organo sexualen kontura poztu eta alaitzeko? Zer gertatzen da adinez nagusi direnak adin txikikoen pentsura atsegin sexuala bilatzeko?

Izango da, ba, izango denez, erantzun bat baino gehiago. Jakina.

Baina, abusu sexualean bada uste hedatu bat erasotzailearen partetik, eta da besteak baino arrazoi handiagoaren jabe izatearena. Agintekeria, akaso. Abusatzaileak uste du arrazoi handiagoa duela berak inor bere gogoetara behartzeko, abusatua denak izan lezakeena baino gehiegikeriarik ez jasotzeko. Hartara, abusatuaren borondatea abusatzailearen mendekoa da erasotzailearen usterako.

Eta hori da arrazoia, seguru asko, Elizan bezala, kirol-aldageletan, eskoletan, eta familia barruko txoko ezezagunetan umeez eta gazteez abusatzeko. Nagusikeria.

Idatzi diren hainbat testutan, derrigorrezko zelibatua aipatu izan da Eliza barruko gaitzaren iturritzat. Abade katolikoek ezin dute bikoterik izan. Eta, argi dago errepresio sexualak ezin duela fruitu onik eman egungo gizartean.

Aipatu ere, aipatu da ezen Lege kanonikoa izan daitekeela fenomenoaren beste atal bat arretaz aztertzekoa. Ohitura baitu Elizak –armadak bezala– etxean bertan konpontzeko konpondu beharrekoak, epaitegi zibiletan egin ordez. Bekatuaren eta delituaren arteko mugak ez daude beti argi erakunde erlijiosoaren baitan. Eta hori konpondu beharra dago.

Elizak denbora beharko du afera argitzeko. Baina, kontua ezin daiteke luzatu ad eternum, zorneak hartuko baitu erabat zauria. Gardentasuna exijitzen du gizarteak.

Abade izan, guraso izan, auzoko izan... adin txikikoaz abusatzeko hemen eta hor, Elizan eta familian, eskolan eta kirol-taldean, dagoen arrazoi komuna da umea izaki osotzat ez hartzeko ohitura: ez da inor gaztetxoa, ez da ezer... adinez nagusia denaren menpeko da, haren gogaierara ibili behar duena.

Horregatik armatzen dira umeak gerretan, horregatik mutilatzen dira, horregatik meazuloetako lan izugarrietara kondenatzen, horregatik bortxatzen. Nagusien panpinak direlakoan, txotxongiloak.

Norbaitek ordaindu behar ditu nagusien beldurrak, frustrazioak eta ezinak. Horixe da kontuaren larria.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide