Kanonaren popa

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 9a, 00:00

E z dut ETBz idatziko. Inor ez haserretzeko, kanonaz idatziko dut. Lehengo eta behin esan, ez dela txalupa mota bat. Baina ez dut uste erraza izango denik, zeren kanona aipatzen denean euskal kulturaren ekosisteman beti haserretzen da norbait, ez dutelako sartu hierarkian edo sartu dutelako, baina haserre. Eta barkatu dena minuskulaz idaztegatik.

Kanona araua da baina zerbait gehiago ere bai. Grezia datorkit gogora eta haien neurtzeko modua. Kategorian laburbildu daiteke ere bai. Kanona hierarkia da. Horrek esan nahi du batzuk goian daudela eta beste batzuk behean. Kanoneko ezaugarriez ere idazten dute adituek. Idatzi eta idatzi. Honek, azken batean, kultura mundua, mundua, ulertzeko modu bat besterik ez du adierazten. Hau da, batzuek kategoria daukate eta besteek ez. Kategoria zer den beste kontu bat da. Ez dago zutabe honetan horretarako lekurik. Garbi dagoena da kanonaren neurriak garaien arabera aldatzen direla, ez direla berdinak, alegia, mende batekoak zein bestekoak.

Aurrekoa kontuan hartuz, iruditzen zait gure kulturaren kanona oraindik ere lotuago dagoela XIX. mendeari, XXI.ari baino. Zeren geure kanonean garbi dago zeintzuk dauden goian. Bizirik dauden idazle batzuk, bi-hiru gehienez, hildako eskultore batzuk, bi-hiru ere bai, eta margolari batzuk. Hori da gure kulturaren kanonaren goi-maila. Hori da mediatikoki bultzatu eta prestigioa ematen duena. Zaila da imajinatzea beste esparru bateko artistaren bat Parnaso horren parte izatea. Eta burura eta gogora datozkit musikariak, aktoreak, argazkilariak, poeta tristeak, kantariak, dantzariak, marrazkilariak, diseinatzaileak, soinu ingeniariak, bertsolariak, gidoilariak… Horiek guztiek ere hierarkiaren parte dira baina kanonaren mugen barruan ez dira sartzen nonbait. Adibide bat jartzearren, inozoa guztiz: Atxagari Nobela emango baliote ziur naiz Iñigo Urkullu Oslon izango litzatekeela, baina Telmo Esnali Oscarra emanez gero –hamaika ikusteko jaioak gara–, Los Angelesen ez.

Ahaztu egiten zaie, Los Angelesetik Bilbotik baino gertuago, bizi izan zela gaur denok kanonaren barruan sartzen dugun tipo bat: Andy Wharlol. Pop kultur kontzeptua sortu zuela. Pop popularretik dator, hau da, hierarkiaren mailaren baxuenetik. Eta bada denbora, horrek kanonaren arauak hautsi zituela. Baina nonbait gurean batzuek ez dute hori aintzakotzat hartu nahi.

Nik neure burua pop arte hori egiten dutenen artean ikusten dut, eta berdin zait kanonaren parte naizen edo ez. Baina kulturaren parte naizela ez dut zalantzarik. Beraz poperoa sentitzen naiz, poperoa naiz. Eta euskaraz popak duen beste zentzuarekin ere guztiz bat egiten dut. Azken batean hierarkiaren azken tokian gaude: popan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide