Milesker Lev

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 16a, 00:00

Orain dela zenbait aste liburu lanketa aberasgarri bezain argigarria burutu genuen ikastaldean, Nestor lankide irundar zoliak ekarria: Lev Tolstoiren Zenbat lur behar ditu gizon batek? ipuina, zeinetan Pahom handinahi aseezinaren balentriak kontatzen baitira.

Ezin interesgarriagoa galdera. Izan ere, zenbat sos behar da bizitzeko ongi? Hau da, apailatu, fakturak ordaindu, haurrak gastatu, bidaia bat edo beste egin? Erran nezake bi mila euro inguruko hilabete saria, hortik landa probetxuzko saria deritzot. Bizkitartean, azken denboretan, arazoa ez da molde horretan plantatzen: gardenki, maltzurki nahiz mahaipetik ehunka milaka euro sakelaratzen dituztenen klubak 1.300 bat irabazten duenari aho-beteka saltzen dio elkartasun kutxei 400 euroko pseudo-iruzurra egin dion gizagaixoa dela problema. Kohesio grinaz, terrorismoaren mamuaren bidez (erlatiboki) kanpoko etsai komuna definitu den bezala, sortu da barneko populuaren etsaia: pobrea, klase ertainaren aurkari gisa jarria, batzuk ohointzan dabiltzanean. Eta hor bai, bada arazoa. Sinesten bada sustut.  

Gurera itzuliz, kapitulu baten lanketaren erdian, Antton ikasle argitsuak bota zuen: “Pahom hori, Fillon bezalakoa da: beti soineko ederragoaren enbeiarekin. Istorio hau, Bea, ezin da ontsa finitu”. Abilki zebilen, ipuinean behintzat hainbat desmasia sozio-ekonomikoren eta ekologikoren ondotik, handinahiak itorik leher egiten baitu Pahomek. Baina gu ez gara ipuinetan bizi, hor dago koska.

PNF delako finantza auzitegia da segurki François Hollanden agintaldian sortu tresna emankor eta errentagarriena. Badute lan eta arazorik ez gaurko goi-kargudun anitzi aferaren baten atzemateko. Badirudi bakoitzak duela zerbait gordetzeko: dela zenbait soineko, dela zenbait literatura kritika artikulu gizenki ordaindu, dela zenbait trafikoren etekina. Bizkitartean, François Fillon ez du ahalkeak gorritzen ere. Ez Fillon, ez eta bestalde akusaziopean diren beste hautagaiak.

Nehor ez da harritzen, gauza jakina baita kargudunak (moda xaharrekoak kendurik) ez direla afari oparoz erosten. Eta mailan zenbat eta gorago joan orduan eta kopuruak handiagoak, interesak iraunkorragoak, karrerak, botererako bideak, boteretik sosa, sosatik boterea. Faustiarra. Ez gara harrituko ere, damutu, ebatsiak itzuli eta erretiratu baino, denbora gasta dezaten beste kandidatuak erasotzen, kabinete beltzak edota ager litezkeen dosierrak iragarriz.

Sei hilabete Frantziako Estatua hauteskunde giroan murgildurik dela: gezur festa handia. Nago frantses arruntak zer deabru bozka dezakeen, harago Frente Nazionalari baraje egiteko indarrik bilduko ote duten. Izan ere azken hiru presidentzialetan FNren arriskua zen azken beltzeko argumentua, inarrosten zen fantasma, programa eta problematikak aipatzea saihestuz, bozka manipulatuz, behartuz. FNren igoera eskuindar saldu okituei eta ezkertiar arinduen inkapazitateari zor zaio. Gaur hautesleengan trufatzen, nahasten eta zangopilatzen dituztelako inpresioa da nagusitzen. Etsai komunak ez dira nahikoak izanen hauteskundeetan mobilizatzeko.

Istorioa nekez da ontsa finituko. Hautuan: ohoina, gezurtia, gaixtoa eta inutila.

Bon, gogorra naiz bai, eta ez nuke nahi abstentzioaren ondorioak leporatzea: Poutou bozka daiteke. Langilea, duina eta umoretsua da gizona eta, ale, erran dezadan, xarma zerbait kausitzen diot! Eta hori aski izan daiteke ene mugiarazteko. Zoritxarrez beretzat, ez da olderik altxatu aspaldian gorri baten alde, kausa galduen kandidatua hots, ene izarikoa.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide