Gorpu bizi

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 14a, 00:00

Duela ia sei urte, gehiengoaren nahia behingoz betez, ETAk iragarri zigun “bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki” zuela. Alegia, armak ez zituela berriro erabiliko. Aukera paregabea, aldebakartasunetik armok non zeuden esan eta erakundea desegiteko. Baina “irabazlerik eta galtzailerik gabeko eskeman” tematurik, errealitateari bizkar eman eta gurago izan zuen “Espainiako eta Frantziako gobernuei dei” egitea, “gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko”. Espainiak paso egin zuen, noski: garaipena eskutan, hura iruditan jartzea bilatzen du eta, negoziatu beharrean, ETAri betebeharreko baldintzak ezartzen dizkio, behin eta berriro.

Negoziazioaren ameskeriak gehixeago iraun zion ETAri. Duela bost urte agenda-proposamen publikoa egin zien estatuei. Hiru gai:

“Aipatu helburuak bideratzeari begira, honako elkarrizketa agenda proposatzen du ETAk:
    – Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak.
    – ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak.
    – Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz”.

Hirurotan bakarra bete da, hain justu ETAren aldebakartasunetik bete zitekeen bakarra: ETAk armak eman ditu, trukean ezer eskatu barik. Areago: eman ditu argi utzita trukean ez duela ezer eskatzen, eta jarritako baldintzak beteta. Ondoren, Espainiak jarraitu du etxerako lanekin: hurrengoa, desegitea. Irakurri duela bost urteko agenda-proposamena tentuz: ETAk ez zuen bere desegiteaz berba egin gura. Baina hori ere eman beharko du, Madrilek horrekin lotu baitu presoen eskubideak betetzen hastea. Jakina: ez da justua. Baina Espainiak ez du inoiz ETAko presoekin justua izateko asmorik izan: begiratu esaterako Parot doktrinari. Espainiak garaipenaren irudia gura du, ETAk eman gura ez dion hori. Desegiteko exijitu dio erakunde desarmatuari. Denbora kontua baino ez da, desegite hori ematea. Aldebakartasunetik, bakarrik alde egitea baino ez baitzaio geratzen ETAri. Zergatik ez zuen iragarri Baionako ekitaldian? Zertarako atzeratu hartu beharko duen erabakia? Pentsatzekoa delako desegitearen ondoren baldintza berriak etorriko direla: iheslariak epaileen aurrera agertzea, “justiziarekin” kolaboratzea… Bien bitartean, denborak aurrera egingo du, eta presoak, zigorra beteta, irteten joango dira. Guztiak? Ez. Zigorrik luzeena dutenek kartzelan jarraituko dute, Espainiako Gobernua aldatu eta ETAren memoria lausotzen den arte.

Irabazlerik eta galtzailerik gabeko eskeman tematzearen kalte-ondorioak, duela ia sei urte agindu ziguten aldebakartasunaren eskema utzi izanarenak.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide