Hil laudamena

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 21a, 00:00

Gauzak inork baino lehenago egiteko zure joerak bildu gaitu gaur hona, eta horrek ekarri dit jendaurrean zutaz aritzeko ardura bilatu gabea. Barkatu beharko didazu, zaudenean ere, hitzon traketsa, zu baitzinen gure artean hitz kontuetan trebeena. Zoritxarrez ez zaitugu zu hemen, gure arteko baten hil laudamena eginez, eta gutako bat hor, zu zauden tokian, zauden tokian zaudela ere. Lepoa eginen nuke, zu hemen egotera, ni nagoen leku eta ataka gaiztoan, ederki arituko zinela zuka egin beharrik gabe, ez hitanoa polito zenerabilelako, eta are herabilelako ere, hitanoa polito zenerabilenez, eta are herabilenez ere, baizik eta jende hilari buruzko prentsako testuetan batez ere, baina baita gaur bezalako hileta zibiletan ere, bigarren pertsona gramatikala irmoki gaitzesten zenuelako.

Behin baino gehiagotan (gogoan dut behin, Erronkariko zure bordan, gonbidatu gintuzunean, hain ongi ateratzen zitzaizun –nik erakutsitako errezetari jarraituz– paella del senyoret prestatu eta bapo bazkaltzera) irri egin diezu (arroza egosten zen bitartean egunkariak elkarren ondoan irakurtzen genituela), horrela arituta, gertutasuna erakutsi eta adiskidantza nabarmendurik, hildakoari buruzko informazio objektibo eta neurritsua, bere testuinguru historikoan kokatuko lukeen atzera-begirakoa, arreta mediatikoko une gorenean –norberaren heriotzarenean, hain zuzen– hain eskergarria litzatekeena, bertan behera utzirik, konpai pasadizoen bidez ihes egiten duten ustezko adiskideei, adiskide azken finean txarrei. Niri ere eginen didazu irri, nonahi zaudela ere, testu hau, gainbegiratzeko nori eman ez dudanez, bere horretan prentsara bidali eta zuk irakurtzen duzunean, dagoeneko Bidankozeko bordarik gabe, jauntxoaren paellarik gabe eta are begirik gabe ere. Zure balizko irri karkailak, oraintxe entzuteko irudipena dudana [entzuleria aldekoa sumatuz gero, saiatu haren irri karkaila imitaezina antzeratzen] kontsolatzen nau baliabideen eskasiaz.

Beste kontsola-bide batez ohartarazi naute zutaz hitz egitera gerturatu zaizkidan zure ustezko etsai askok, zure benetako lagunen harridurarako, egunkarietan eta sare sozialetan laudoriozko mezuak barra-barra idatzi dituzten horiek: gehien maite zenuena egiten hil zara: zu zeu izaten. Hori da gauza bat, gehien maite dutena egiten hiltzearena, oso jende gutxik lortzen duena. Orain bakarrik mendizaleak (elur jauzi baten azpian harrapatuta edo gailurretik hurbil izoztuta hiltzen direnean) edo txirrindulariak (babes tartea gorde ez duen ibilgailu batek aurrean eramanda) datozkit gogora zorioneko jende horren artean. Nik neuk, esaterako, susmoa dut, gehien maite dudana egiten (bizitzen, alegia) bizi banaiz ere, gutxien maite dudana egiten hilko naizela egunen batean, burua galduta eta hilzorian.

Bukatzen joateko, ez bainaiz gaur hitza hartu beharreko bakarra, zure izenean eskatu nahi diet hurrengo hizlariei ez dezatela “goian bego” esapidea erabil, dagoeneko baten bati erabiltzen aditu diodan moduan, ez baitzinen euskaldun fededuna (eta seguruenik hala erabili edo erabiltzeko asmoa duzuenok ere ez). Horren ordeko, “gugan bego” irudimentsuagoa proposatzen dizut, zuk, zauden tokian zaudela, hala nahiago izanen duzulakoan. Izan ere, ederki irudika zaitzaket formula horri “eta ni Begorengan” batekin erantzuten.

Besterik ez, besarkada handi bat hor atzean eserita dagoen Begori, zure emazte Carlotari eta maite izan zaituzteten guztioi ere.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide