Baserria gazteen eszenatoki

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 21a, 00:00

“Baserri bat zegoen Arrietan hutsik, alokairu merke-merkean. Gazte talde bat ikustera joan ginen, eta lehengusuak eta biok geratzea erabaki genuen”. Markel Enzunza mintzo da, Uribasterra baserriko kidea. Profil anitzeko sei gazte batu dira baserrian elkarrekin bizitzen jartzeko eta bestelako bizi ereduen alde egiteko.

Burujabetzara pausoak ematen
“Elikaduran eta bizi ereduan ahalik burujabeen izatea da gure helburua”, kontatu du. Uribasterrako kideen artean bera zen baserrian lehenagotik gehien aritua. Beste lagunek arrazoi desberdinak medio hartu zuten proiektura batzeko erabakia: herrian bertan bizi nahi zuelako batek, hiriko bizimodu azkarraz nazkatuta lasaitasun bila besteak, eta beren lan/jarduerak aurrera ateratzeko toki aproposa zelako beste batzuek.
Baserriko lanak aurrera eramateko txandaka antolatzen dira: otorduak prestatzea, animaliak zaintzea, ortuko lanak egitea, arropa garbitzea eta harrikoa egitea, lan guztiak denen artean banatzen dituzte. 1.000 metro koadro inguruko baratzea lantzen dute: “Ekoizten dugun guztia etxerako da”. Elikaduran burujabe izatera iristen direnean erabakiko omen dute beren produktuak
zabaldu edo ez. Lehen helburua euren beharrizanak asetzea da.
Baserriaz harago, herri eragile
Baserriko ganbaran entsegu lokala sortu dute. Grabaketa estudioa ere badu guneak, eta herriko edozein musikarirentzat zabalik dago. Eta Uribasterra Irratia ere sortu dute baserrian: hiru irratsaio ditu momentuz irratiak, Musika baratza musika alternatibo saioa; Azoka bizian, Arrietako hileroko azokaren jarraipena zuzenean egiten duen saioa; eta Baserri bazterrean, nekazaritza eta abeltzaintzari buruzkoa. Internet bidez emititzen dute oraingoz (Faceebookeko Uribasterraren orrialdean eta blogean entzungai). Baserri proiektua da Uribasterra, baina “herri eragile izatea ere bada ideia”. Kontzertuak antolatu izan dituzte, eta ba omen da baserriari gaztetxe deitzen dionik. Baserriei ez ezik, herri txikiei ere bizia ematea bada lorpena. Eta ziurrenik, Uribasterraren kasuan bezala, biek ere badute loturarik.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide