Legealdiaren erdian

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 28a, 00:00

Bi urte joan dira. Lehen urtea, zalantzati. Bigarrena, sendoago; udazkenetik hona, bereziki. Lauko gobernu nafarra errotu ahala, nerbiostuago ageri da oposizioa, garrasika, gezurka, irainka, mehatxuka, alderdi sozialista barne. Nafarroako sozialista gehien-gehienak Pedro Sanchezen aldekoak dira. Atera kontuak. Oposizioaren jarrera kezkagarria izanik ere, are kezkagarriagoa da Iruñeko udal gobernu taldean gertatu berri dena, horrek bai, horrek erdi-erditik higatu dezakeelako hiriburuko aldaketa, eta horren ondorioz, Nafarroakoa ere bai. Ez da batere harritzekoa batzuen eta besteen artean ezberdintasunak izatea eta gai guztietan iritzi-kide ez izatea. Gobernuan badute batzorde bat eztabaidak bideratzeko. Iruñeko Udalean ez, ordea. Horrela, Udala agintzen ari diren lau indarretatik bik –Izquierda/Ezkerrak eta Aranzadik– ohar bat igorri zuten lehengoan hedabideetara gobernu taldea krisiak jota zegoela iragartzeko, eta bazirudien prest zeudela lauen arteko ituna hausteko. Biharamunean, ordea, krisirik ez zegoela erran zuten. To eta no! Aspaldi errana eta frogatua da giro mikaztuak, elkarren arteko lehiak, ezin ikusiek eta azpikeriek ez dutela atarramendu onik ekartzen. Gainera, Iruñean ere ari da aldaketaren bidea urratzen, eta hori begi-bistakoa da.

Bizkitartean, legealdia erdira iritsi den honetan, Nafarroako Gobernuan (eta udaletan ere) den-denak adi-adi daude ea zer ekar dezakeen Nafarroara EAJk PPrekin egindako akordioak. Sekulakoak eta bi entzun ditugu akordioaren aurka estatuko hedabide eta politikari gehienen artean. EAEko ordezkari politiko batzuk ere sutsu mintzatu dira horren aurka; mikroen aitzinean, behinik behin. Eta herritar sumindu batzuek ere gartsu jo dute batzokien aurka. Nafarroan, ordea, bertzelakoa da ikuspegia. UPN, jakina, akordioaren bekaitz da, sekulan horrelakorik aitortuko ez badu ere, inoiz ere ez baitu gisakorik erdietsi Madrilen Nafarroarako. Eta aldaketaren aldeko indarren ordezkariek diote ez legokeela batere gaizki Nafarroak ere diru gehiago baliatu ahal izatea, aldaketa bera errotzeko, sos alde hori arnasbidea izanen baita Gobernuarentzat, bai eta udalentzat ere. Geroa Baik ozenki aditzera eman du hori; bertze hiru indarrek, aldiz, ahapeka, zer gerta ere, ez baita itxurosoa han gauza bat erratea, eta hemen, kontrakoa. Izan ere, kontatu dituzten gai guztiak hitzartu dituzte EAJk eta PPk beren akordioan, eta uste denez, kontatu ez dituztenak ere bai. Hau da, bertzelako gaiak ere izan dira hizpide eta bertzelako kontuak ere hitzartu omen dira; tartean, Nafarroarekin zerikusia duten gauzak, datozen asteotan jakinen dugun bezala.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide