Aldaketari beldurra, Katalunian ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 18a, 00:00

Mendebaldearen gainbeherak aurpegi asko ditu. Horietako bat da ezker hegemonikoak azken hamarkadatan eman duen espektakulu tamalgarria, inperialismoaren eta neoliberalismoaren ezkutari progrea bilakatuz. Baina, krisiaren errautsetatik bestelako ezker berri baten agerpenak ilusioa piztu zuen bazter batzuetan. Ondoren, frustrazioak iritsi ziren. Ezker berri horrek gobernua lortu du Grezian, baina gauzak aldatu baino, herstura ekonomikoen bidea sakontzen jarraitu du. Horregatik, epe motz eta ertainean zaila da irudikatzea ezker eraldatzailearen arrakastarik Lehen Mundu dekadentean.

Ezkerraren ezinaren ardura ez dago bakarrik maila politikoan, arazoak dituen sustraiak sakonagoak dira. Mendebaldeko jendarteak oso kontserbadoreak dira. Maiz entzun dugu akomodatuak direla, baina ez, ez da nahastu behar erosotasun ekonomikoa eta kontsumo maila altua. Geroz eta jende gehiagok ditu estutasun ekonomikoak edota ematen dituen lanaldi luzeak ezin dira definitu bizitza eroso baten parte bezala. Halere, jendea kontsumismora besarkatua bizi da, populazioa zaharkitua dago eta, oro har, gehiengoak Stockholmeko sindromearen antzeko zer edo zer bizi du, horregatik, benetako aldaketari beldurra dio.

Independentzia aldarrikapenaren hurrengo egunerako teknikoki dena omen dute prest katalanek, baina prest ez dutena da herritar gehiengoaren psikologia. Sektore batzuk (bereziki enpresarien artetik) dagoeneko agertu dira esanez ez daudela prest mina sufritzeko, aldiz beste askok ezin du imajinatu ere horrelako prozesu batek epe motzean sortu dezakeen mina

Benetako aldaketak mina suposatzen du. Unean uneko mina da, nahiz eta etorkizunerako hobea izan daitekeen, baina ez dago aldaketarik modu bateko edo besteko minik gabe. Berriz, mendebaldeko ezker moderatuak edo eraldatzaileak egun saltzen duena da minik gabeko aldaketa. Botoa eman, hauteskundeak irabazi, egungo politika ekonomikoak ñabartu eta dena etorriko omen da bere onera. Greziako Syriza alderdiak hori bera egin nahi izan zuen, politika sozialak lehenetsiz, interes orokorra beste edozein interesen gainetik jarriz, baina sistema ekonomikoa aldatu gabe. Ordea, populazioa mina sufritzeko prest egon ezean hori ilusio bat izan zen, adibidez, euroa utziaz edo uzteko benetako saiakera bat eginez, Europar Batasuna eta Alemania derrigortzeko benetan negoziatzera. Horrek epe motzean mina sortuko zukeen, baina epe luzera greziar ekonomia eta herriarentzat onuragarria izango zen. Syrizak esan du hori ez dela greziarrek nahi dutena eta beraz, inoizko murrizketa eta politika neoliberalen aplikazio bortitzena egiten ari da euroan gelditzearen truke.

Gurean, bertsio hori ere ikusi dugu eta ikusten dugu egunero. Irribarre egin, koloreak hemendik eta handik, konfetiak eta giro ona, hauekin, baina batez ere botoarekin, helburuak erdietsiko direla sinetsarazi nahi zaie herritarrei. Katalunian antzeko sindromea bizi dute, sezesio prozesuak antolakuntza, sormen eta abilezia gaitasun handiak erakutsi ditu, baina bi gabezi eta arazo handi bat ditu: alde batetik, azkeneko hauteskundeen ostetik lidergo eta gehiengo argi baten falta ditu; bestalde batetik, aldaketa-mina binomioa ez da landu.

Independentzia aldarrikapenaren hurrengo egunerako teknikoki dena omen dute prest katalanek, baina ez dutena prest da herritar gehiengoaren psikologia. Sektore batzuk (bereziki enpresarien artetik) dagoeneko agertu dira esanez ez daudela prest mina sufritzeko, aldiz beste askok ezin du imajinatu ere horrelako prozesu batek epe motzean sortu dezakeen mina.

Aldebakarreko edozein independentzia prozesuak mina sortu du epe motzean, era atseginagoan esanahi badugu deserosotasunak sufritu dituzte herritarrek. Ekonomia gaixotzen da; nazioarteko aitorpenik gabe sistema finantzarioa aldrebestu eta kaltetzen da; soldatek bera egin ohi dute, produktuen prezioek gora egiten duten artean; eta abar. Antzeko egoerak sufritzeko prest egongo dira katalan independentistak? Orain arte iragarritako datak bete ez izanak eta prozesuaren atzerapenak garbi uzten dute mina saihesteko nahia, garaituko al du beldurrak?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide