Elitezko hezkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 25a, 00:00

Hezkuntzaren alarmak jo du berriz ere. Oraingoan, bi albistek piztu didate argi gorria. Kontua da batetik, ikastetxe publikoetan, murrizketak eta lan baldintzak direla-eta, greba deitu dela; eta bestetik, hezkuntza-ikuskaritzak izendatu behar izan dituela ikastetxe publikoko zuzendarien %40a, inor ez zegoelako ardura hori hartzeko prest. Eta eskerrak zifra leundu egin dela. Itxura denez, azken 7-8 urtetan, %70etik %40era jaitsi da portzentaje hori. Badirudi, orain urte batzuk, pizgarri ekonomikoak eta formazioa ematen hasi zitzaizkiela zuzendariei, eta horrek txikitu egin duela eskandaluzko numero hori. Diruek eta abarrek ez dute zenbaki beltz hori gehiago jaisten ordea. Gai honetan Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkariari ere irakurri dizkiot adierazpen batzuk, esanez, zuzendaritza sendoek emaitzak hobetzen dituztela.

Baina tira, murrizketa arazoa al da gure haserrearen arrazoi nagusia? Izan ere, haserre horren benetako jatorria ezagutzea inportantea da irakasleon eta, batez ere, haur eta gazteen onerako. Lan baldintzen inguruan jakin dezagun EAEn daudela Espainiako Estatuko soldatarik altuenak hezkuntza publikoko irakasleen artean. Datu batzuk: lehen hezkuntzako irakasle batek 2.366 € gordin irabazten ditu hileko eta 1.300 ordutik behera lan egiten du urtean (2016ko datuak dira). Bigarren hezkuntzakoek 2.703 € gordin hilean, eta urtean, 1.000 bat lan ordu. Datu gehiagorekin hobeto osa daiteke argazki hau, bai, baina erronka beste bat da.

Aurrekoez gain, sintoma gehiago ere aspaldi antzematen da hezkuntzaren osasun ahularen erakusgarri. Esaterako, eskola porrota edota ikasleen desmotibazio sakona. Bi adierazle hauek kezka handiz bizi dira familietan. Beste desmotibazio esanguratsu bat ere gehitu behar da: irakasleek sufritzen dutena, eta bere ondorioak, eurengan eta hezkuntzaren kalitatean.

Herri bezala, lehen mailako erronka baten aurrean gaude. Interpelazio serio bat daukagu hezkuntza eragileok guri deika, ez dezagun ihes egin. Hitz-jolas batekin esanda, “elitezko hezkuntza guztiontzat” jarriko genuke helmugan.

Amaitzeko, sarri egiten dugun ariketa bat aitzakia bezala hartuta, hau da, hezkuntza arloan oso aurreratuta dabilen herrialde bati begiratzen diogunean, ez diogu bere pedagogiari bakarrik begiratu behar. Begiratu beharko genuke bertako ikastetxeen antolakuntza eredua; ikastetxe-proiektua; berrikuntzarako ausardia; hezkuntzak gizarte horrentzat daukan inportantzia; irakasle izateko bokazioa; irakasle-gaiei eskatzen zaiena; lan-baldintzak; ondo egindako inbertsio kopuruak… Gaia konplexua delako heldu behar diogu behingoz, aurreiritzi barik, eta zorrotz.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide