Balerdi Balerdiren espiritua

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 25a, 00:00

Disko dotorea egin du Balerdi Balerdi taldeak. Kantuetan melodia politak entzun daitezke, rock doinu eta erritmo indartsuak, eta pop eta country aireak. Betiko Balerdi Balerdi da, baina jantzi berriekin.

Iñigo Irazoki soinu teknikariarekin aritu dira grabazio saioetan, baita lagun hauekin ere: Beñardo Goietxe (koruak), Julen Leuza (haize moldaketak, tronpeta eta tronboia) eta Ion Oses (tronpeta). Halaber, Joseba Beramendi Exprai da azalaren egilea, eta hitzak idazteko garaian Pello Lizarralde idazlearen laguntza izan dute, hiru kanturenak idatzi baitizkie, eta gainerakoak Toño Muro taldeko abeslari eta gitarristak egin ditu.

Izenburuak ederki laburbiltzen du edukia, kantuetan, oro har, ironiarekin mintzatzen baitira, ohi bezala. Samur ere bai (Elurretan) eta hildako bi lagunekin gogoratu dira Bi izar kantuan, Josetxo Ezpondarekin eta Marco Antonio Sanz de Acedorekin. Lehenengoa Tension eta Los Bichos taldeetan aritu zen, eta bigarrena Tijuana in Blue eta Kojon Prieto y los Huajalotes taldeetan.

Balerdi Balerdiren bosgarren diskoa da Galtzen ikasteko metodoa. Haien aurreko lanak dira: Balerdi Balerdi (1991) hamar hazbeteko binilozko diskoa, eta Ez gara galdu (1994), Hobe behin gorri ezenez beti hori (1997) eta Hegoko lautadaren ertzetik (2012) lanak.

Taldearen ibilbidean musikari batzuk aldatu badira ere, hasieratik jarraitzen dute Toño Murok (ahotsa eta gitarra) eta Sergio Ibarrola Zara (bateria, perkusioa eta koruak). Duela hiru urtetik Berako bi lagun hauekin jotzen dute: Petti (gitarra eta ahotsak) eta Anxel Iraola (baxua).

Taldeak, beti bezala, gogotsu eta alai aritzen da, eta bizipoza transmititzen jarraitzen du. Balerdi Balerdiren espiritua bere horretan mantentzen da, eta Pettik egiten duen ekarpena nabarmena da, beste ukitu bat, rock kutsu handiagoa ematen baitie kantuei eta indar handiagoa.

Lan berrian dauden hamalau kantuak, azken urte hauetan konposatu eta moldatu dituztenak dira, azken urteotan egin duten lanaren laburpen gisako bat, kantu bilduma ederra.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide