Gogoa eta lana erraldoiak badira...

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko uzt. 2a, 00:00

Tolosako Bonberenea Gaztetxearen inguruan eraikitakoa eguneroko lanaren emaitza da. Hogei urte pasa dira Bonberenea izenpean lehen Gaztetxea okupatu zutenetik eta hamabost  Bonberenea Ekintzak plataforma egituratu zutenetik. Inguruko talde eta proiektuei zein umezurtz zeuden bidelagunei aukera eskaini zieten kalitatezko estudioa eraiki eta lanak plazaratzeko, bitariko konpromisoa, gertutasuna, gardentasuna eta profesionaltasuna bermatuz. Hala, Tolosako ekimenak lortu du, olatu komertzialetik at egonik ere, zeresana ematen dabilen talde multzoa bere katalogoan egotea. Aurretik kaleratu izan dituzten Suffle bildumatan egiaztatu dugu nolako komunitatea osatu duten, eta orain inguruan lanean dabiltzan hogeita bat talderen kantuak batu dituzte, ia guztiak aurretik argitara eman gabeak. Ezagunek zein ezezagunek dute trataera bera; horixe eta talde berriei laguntzeko nahia baitira ezaugarri nagusienak, estiloetatik harago.

Bildumako lehen CDa gogorragoa da doinuz, besteak beste, hardcorea etxearen historiaren alderdi garrantzitsua izan delako. Fer Apoak gidatutako Estricalla horren eredu. Desagertutako Camsa-ren ondoren bizirik dirauen 25th Coming Fire dator gero, eskola zaharreko hardcorearen zaindari. Stanislav izenpean berpiztu da Ladislao hardcore-punka. Umilitate da Zarauzko crust-aren oinordeko; eta Anestesia eszena horretako basapizti hilezkorra. Eraso! zazpi bizitzako metal eta rock dotorezia. Humus aurre-Bonberenearen post-rock beteranotasuna. Zea Mays kamaleoien gisa berrasmatzen den musikazale amorratu koadrila. Sofa, esperimentazioa eta gaztetasuna. Anger arrazoi on baten alde hausnarketak dantzan jartzeko konfabulazioa. Eta, azkenik, sistema hau arrakaletatik eraginda eztandarazi nahi duen Matxura.

Bigarren CDak bestelako tonu eta doinuak ditu bere baitan: gazteak errimaz esnatzen dituen –a ze marka!– Glaukoma. Luzaroan gerizpean egonagatik distiratsu eta emankor darraien Libe. Ardo gisa onduta eta jantzi berri rockeroarekin Han! Bertsoetatik rockerako ibilbidea ziztu bizian egin duen Bi Bala. “Gutxiagorekin gehiago” filosofia barneratutako zakur zaharrak, Belarmiñak gisa. Historiako lezioak modu itsaskorrenean gure egiten maisu Fiachras. Dantza, parranda eta adarjotzea batzen duen Ze Esatek. Belaunaldiz belaunaldi espiritu gazteari eusten dion Atila y Los Unos. Bonberenea Txaranga eta Sofabeltz: estilo eta formatuetatik harago, sorkuntza askea! Goazen dantza iraultzera: Anai Arrebak. Eta adin zein bestelako egitura zurrunei barre egiten dien Pirritx, Porrotx eta Marimotots su txikiei duten garrantzia aitortuz.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide