Tuterako tomate "itsusiaren" festa

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 17a, 00:00

Duela hamar urte hasi ziren Tuterako Remigio Ostatuko kideak tomate “itsusiaren” lehiaketa antolatzen. “Gure inguruko baratzeetan izarra zen tomate mota hori desagertzen ari zela ikusi genuen, eta hori ekidin eta produktuari balioa eman nahi genion” azaldu du Luis Salcedo Irala ostatuko arduradun eta lehiaketaren antolatzaileak. Aurten, gainera, berrikuntzak egon dira tomate festan: lehiaketa izatetik Tuterako Tomate Itsusiaren I. Asteburua izatera pasatu da ekimena.

Itxurak ez omen du inporta… edo bai?

“Tuterako itsusia” bezala ezaguna, marmande barietateko antzinako tomatea da lehiaketako protagonista. 1980-90eko hamarkadetan, garraiorako gogorragoa zen tomatea nagusitu zen merkatuan, azal leun eta politekoa. “Garai hartan estetikak garrantzia handiagoa zuen zaporeak baino, eta hemen laborariak esaten hasi ziren: ‘tomate hau ez digute hartzen itsusia delako’”, kontatu du Salcedok. Horrela irabazi zuen “itsusi” ezizena Tuterako tomateak.

Jesus Marquina Arellano.

Lehiaketan, gainera, tomaterik onenari ez ezik itsusienari ere ematen diote saria. “Bi kategoria dauzkagu: lehenengoan tomate itsusiena bilatzen da, eta publikoa bera da epaimahaia. Bigarrenean, tomaterik onenarenean, epaimahai bereziak hartzen du parte”.

Tomate lehiaketatik tomate festara

Irailaren 1ean eta 2an herriko merkatuan izan zuten zer ikusi eta zer egina herritarrek: Helianto elkarteak haurrentzako tomate haziak ateratzen ikasteko tailerra antolatu zuen, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak tomate ekologikoa eta konbentzionala alderatzeko dastaketa egin zuen, salmorejo eta olio ekologikoaren dastaketa izan zuten ondoren, baita tomate errezetak prestatzen ikasteko sukaldaritza tailerra ere, Basque Culinary Centerrek emana.

Zaporea ezin delako itxuratik neurtu, jarrai dezatela tuterarrek euren baratzeetan tomaterik itsusienak ereiten!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide