Peluka berdeak eta kresala

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko urt. 8a, 13:35

“Sarean kateatuak” antzezlanaren emanaldi bat.

"Takoidun zapata gorria" antzezlanaren kronika Argia.eus atarian argitaratu zuten eta CC-BY-SA lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

Durangoko Azoka kulturaren plaza bihurtu denetik, liburu eta disko berrienak erosteko lekua ez ezik, sortzaileen eta artisten erakusleiho paregabea da Landako gunea. Szenatokia ez dago Landakon bertan, kale artetik eta ibaia zeharkatuz iritsiko gara gune horretara, San Agustin kulturgunean. Arte eszenikoen eremua da eta, Azoka martxan egon den artean, makina bat antzezlan eskaini dute han, gehienak formatu laburrean.

Denak ezin ikusi, eta larunbat eguerdian saio bikoitza egitea erabaki dugu, mikroantzerkiari eskainitako maratoiak eman digun aukerari esker. Kontrastea dakarkio programazioak publikoari: Lehenengo, Sarean kateatuak, pieza bizkorra, erritmo bizikoa, koloretsua. Ondoren, Takoidun zapata gorria, antzezlan ilun eta malenkoniatsua.

2016an Poltsiko Antzerkiaren lehiaketako lehenengo saria irabazi zuenetik, hainbat formatutan eman dute Sarean kateatuak: 40 minutuko antzezlana izan zen hasieran, ordubetera luzatu zuten gero, orain interneteko websail ere bada –www.nomofobikak.eus webgunen ikusgai daude sei kapituluak–. Durangon, 20 minutuko pieza laburtua eskaini zuten Belen Cruz, Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide aktoreek.

Ileorde berde deigarrien eta atrezzo xumearen laguntza baino ez zuten behar izan publikoari saio entretenigarria eskaintzeko. Erritmo bizian, esketx erako zenbait eszena taularatu zituzten, gaur gaurkoa den gaiaren inguruan: Sakelako telefonoaren menpe dago gizartea, uneoro konektatuta egoteko beharra du. Sakelakoari lotuta bizitzearen zentzugabekeria agerian uzten du antzezlanak.

Ondoren, iluntasunak hartu zuen San Agustingo oholtza. Pablo Ibarluzeak zuzendutako Takoidun zapata gorria lanak kostaldeko herri kresaltsu bateko taberna zulo ilunera eraman gintuen, hango hiru pertsonaiaren eguneroko errutina errepikakor eta esperantza gabekora. Narratzailearen ahots pausatuak protagonisten asmo zapuztuetan eta amets ezinezkoetan barrena bidea egin ahala, hiruren patuak elkarri lotzen joan zitzaizkion, pixkanaka.

Gidoi sendoa lagun, asko iradokitzen duten antzezlan horietakoa da Takoidun zapata gorria. Argiarekin, musikarekin eta gorputzen mugimenduekin sortutako atmosferak beste garai bateko kontakizunetara eraman gintuen, azalean kresala sumatzera iritsi ginen ia. Publikoak txintik ez zuen atera antzezlan osoan, baina amaieran txalo zaparradaz saritu zuen Mikel Ayllon, Jabi de la Ydalga, Haizea Paris eta Igor Arzuaga aktoreen lana. Euskal antzerkigintza oparoa eta askotarikoa dela erakutsi zigun Szenatokiko antzezlan laburren maratoiko lagin bikoitzak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide