ERREPORTAJEA

Aiaraldeko baserri giroa euskalduntzen egindako lanagatik aitortza

Erabiltzailearen aurpegia Miel Anjel Elustondo 2021ko ots. 20a, 07:00

Eba Alonso eta Josu Zabala dira Aiaraldeko baserritarren omenaldia jaso duten bi laudioarrak. / Zaldi Ero.

Euskararen eta kulturaren alde egindako lanaren ordain, Eba Alonsok eta Josu Zabalak Aiaraldeko baserritarren omenaldia jaso zuten abenduan Laudion. Eguberrietako merkatuan egin zieten gorazarrea, Aiaraldeko baserri giroa euskararen munduan txertatzeko egin duten ahaleginarengatik. Omenaldiaren eragile Errilur elkarteko kideek esan zutenez, “urte hauetan guztietan zuen prestutasuna aitortzeko balio dezala omenalditxo honek

Eba Alonso (Areta, 1965) pedagogo eta logopeda profesionala da. Josu Zabala (Arakaldo, 1963), altzairu fabrikako langile Amurrion. “Ez dakit, bada, zer esan behar dizugun. Lan xumea da gurea. Zerbait egin behar denean, egiten dugu. Ez da besterik. Gabonak datozela-eta, turroi ikastaroa egin behar dugula asmatuko du Josuk, edo polboroi tailerra, mendi-martxak… Josu beti gauzak asmatzen, eta ni egiten!”, esan digu Eba Alonsok. Josu Zabalak bere modura ikusten ditu gauzak, eta hitz bat du giltza: “Auzolana. Ematen du zenbaitek uste duela geure zerbitzura eduki behar dugula jendea, geureak diren lan batzuk egiteko, alegia. Lantegian ere ikusten dut nik hori: nahiago dugu hainbat lan –inoren ardura ez direnak–, bestek egitea, norberak egitea baino. Aldiz, uste dut herritarrok ere badugula ardura”. Auzolanaren aldeko aldarria da Zabalarena.

Euskaldun berri bi Laudion

Zabalaren etxean euskaldunak ziren. Gogoan du, txikitan, Laudioko mojetara ekarri zutela ikasketak egin zitzan. “Behin, joan zen gure aita eskolara, ni zelan ari nintzen galdetu, eta esan omen zioten: ‘Txintxo-txintxoa da. Egia esan, ez du ezer esaten. Begira-begira bai, egoten da, baina esan, ezer ez!’. Gure aitak, orduan: ‘Kontua da guk etxean euskaraz egiten dugula’. Eta mojaren erantzuna: ‘Hori konpondu ohi da!’. Halaxe galdu nuen apurka-apurka euskara. Hitz batzuk baino ez nekizkien”. 18 urte bete arte. Orduan, euskaltegira joan, izena eman, eta zirt-zart: “Erabaki nuen harrezkero gurasoekin gaztelaniarik ez nuela egingo. Hizkuntz jarrera aldatu nuen, besterik gabe, inori ezer esan gabe: euskaraz hasi nintzen”, eta horrelaxe egin du oraindaino arteko bidea”.

Eta, hain zuzen, euskaltegian ari zirela ezagutu zuten Alonsok eta Zabalak batak bestea. “Nire familia erdalduna da. Euskaltegian ari ginen biok, ikasten, eta hasieran, gaztelaniaz. Alaba jaio zitzaigunean erabaki genuen: etxean euskaraz egingo genuen”. Pentsatu eta egin omen zuten, bestelako nekerik gabe. Horretan, Zabalak hartu du hitza: “Euskaraz bizitzeko ezintasunaz ari dira batzuk, eta ez dakit, bada! Gu baino zaharragoak direnei dagokienez, ez noa ezer esaten, baina gu baino gazteago direnek euskaraz bizitzeko aitzakiarik ez dutela uste dut: bateko eskola, besteko tresna eta baliabide… aitzakiarik ez”. Hariari tiraka mintzatu da Alonso: “Euskara gure eguneroko bizitzan dago. Euskaraz egiten dugu etxean, euskaraz egiten dut lanean... Eta ez gara Laudion bakarrak. Egunero ikusten dut gurasoak euskaraz ari zaizkiela beren seme-alabei”. Alabaina, bat egin du Zabalaren oharrarekin: “Baina bestelakorik ere ikusten dut: guraso gazteenak, euskaraz jakin arren, seme-alabekin gaztelaniaz ari direla. Zergatik jokatzen duten horrela galdetu, eta erantzuna da seme-alaba horiek gero ere hitz egingo dutela euskaraz, nahi baldin badute. Nik, kontrakoa esaten diet: ‘Ez ukatu eskubide hori zeuen seme-alabei. Bizi euskaraz. Gaztelania kalean dago, ez dute gaztelaniaz ikasteko zailtasunik izango’”. Euskaldun berriaren hitza da Alonsorena.

Eba Alonso: "Nirekin lan egin nahi duenari euskaraz hitz egitea eskatzen diot, ez euskara agiria"

Alonsok Pedagogia ikasketak egiten hasi zenean eman zuen izena euskaltegian. “Uholdeen ondoko urtean, 1984an. Euskaraz ikasi nahi nuen, euskaraz hitz egin nahi nuelako, geure kultura barrutik ezagutu nahi nuelako. Ez nuen titulurik nahi. Eta orain ere, nirekin lan egin nahi duenari, euskaraz hitz egitea eskatzen diot, ez euskara agiria. ‘EGA daukat’, esaten didatenean, zera erantzuten diet: ‘Niri berdin zait titulua. Nik euskaraz hitz egiten duen pertsona nahi dut, ez titulua gau-mahaitxoaren gainean duena’”. Euskaraz ikasten hasi zen garaian, euskaldunak zituen zenbait lagun. “Baina gaztelaniaz egiten genuen. Hala ere, euskararen aldeko dinamikan hasi nintzenean, euskaraz egiten hasi nintzen haiekin. Geroago, EGA titulua lantzen hasi nintzenean, hura gorrotatzera iritsi nintzen, hala EGA nola euskara, eta ikasteari utzi nion”. Urtea igaro eta berrartu zuen euskara. “Tituluaren presioa baztertu eta arnasa hartu nuen”. Hizkuntzaren bakea eginda, nonbait ere.

Kaletarrak baserritarrekin bat

“Kaletarrak gara, baina baserri giroarekin lotura estua dugu”, esan digu Alonsok. “Batak bestea ezagutu genuenean, esate baterako, Josuren amamaren Arakaldoko Madariagako baserrira joaten ginen igandero bazkaltzera. Niri dagokidanez, txikitan, gure amamaren Morteru baserrira joaten ginen noiznahi. Eta udan hantxe ginen lehengusu-lehengusina guztiak. Josu ezagutu nuenean, berriz, astebururo joaten ginen Morterura, amamarekin jokoan egitera, kartatan”. Gaur egun, neba Fidel du Morterun, artzain.

Beren mundu-eskarmentu eta bizi-esperientziaren parte inportante dute baserria gure bi solaskideek. Halaxe heldu zen Alonso, esaterako, Arabako artzain-txakurren elkarte Arateko kide izatera, eta han, txapelketak eta erakusketak antolatzea dagokio. “Duela 27 urte sortu zen elkartea, eta bertako hainbat kide euskaldunak izan arren, bilerak egiten hasi ginenean jabetu nintzen gaztelania elkartearen barruraino sartuta zegoela. Hara, nire euskara ez da munduan denik eta aberatsena, hiztegia ere ez dut oso oparoa, baina beti euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Lortu dugu gure bileretan euskara sartzea, taldeko Whatsappean ere berdin, euskara egotea. Euskaraz ez dakitenek dute arazoa, jakina. Inoiz, baten batek idatzi izan du: ‘Euskaraz idazten dute, eta gainera ez ulertzeko moduan’. Alegia, hitz egiten duten moduan idazten dutelako batzuek, ez idatzizko euskara estandarrean. Euskara zirkulu horretan normaltasunez sartzea lortu dugu. Eta ondo, eta artzainak pozik, eta ni ere bai”.

Josu Zabala: "Euskaraz bizitzeko ezintasunaz ari dira batzuk, eta ez dakit, bada! gu baino gazteago direnek euskaraz bizitzeko aitzakiarik ez dutela uste dut: bateko eskola, besteko tresna eta baliabide..."

Gaur egun, antolatzen dituzten ekitaldi guzti-guztietan euskara eta kultura egon daitezen lan egiten dute. Eta Zabalak laguntzen du, Alonsok esan digunez: “Artzain-txakurren txapelketak edota erakusketak direnean, mintzaldia egiten digu Zabalak. Lehenengo egunean, luzatzen ari zela eta Josuri amaitzeko agintzeko esanarazi zidaten, baina, harrezkero, jendea ohitu da Josuren mintzaldi handietara, eta arretaz aditzen ditu udako solsztizioari nahiz gure kulturari dagozkion bestelako jakingarriak”. Eta, bestalde, beti jarduten dute baserriaren gorantzan, baserriak ekarri digun kulturaz, tokiko pertsonaiaren bat ere omenduz. Izan ere, harrotasuna lantzeko bidea ematen dio horrek Zabalari: “Harrotasuna landu egin behar baitugu. Bizitza osoan egin duen ahalegina nola edo hala eskertu behar diogu baserritarrari. Harrotzeko moduko lana egiten dutela iruditzen zait”.

Omenaldia

Neguko azoka izan ohi da Laudion abenduan joan deneko hamar urtean. Bestalde, urtarriletik abendura, ostegunero azoka egin ohi da eta larunbatero ere pandemia garaia hasi zenetik, Errilur elkartearen eskutik. Horrek, tokiko ekoizleen elikagai agroekologikoak kontsumitzaileen eskura jarri ohi ditu.

Urte amaierako azokak indar berezia ohi du, eta baserritarrekin batera han izaten dira artisauak ere, herriko ikastetxeak, Laudio bertako Basalarrina elkartea, Kirikiño aisia-taldea eta beste. Aurten, pandemia egoera dela kausa, Neguko Azoka ez da egin. Zabalak esan digu: “Hasieran gauza txikia zen azoka, baina indarra hartu du. Duela bizpahiru urte, berriz, Basalarrina elkarteak azoka laguntzea erabaki zuen, hura aberastea, hari euskaratik eta kulturatik geure ekarria egitea”. Haurrentzako jolasak antolatu zituzten, marrazki sariketa, euskal dantzak eta era bateko eta besteko tailerrak. “Euskaratik eta euskaraz, nahi genuen. Ez da, beraz, postua jarri eta batzuk saldu eta beste batzuk erosi. Hori baino gehiago nahi genuen, bestelako konplizitate batzuk lortu”. Eta, hain zuzen, konplizitate nahi horrek, lan eskuzabalak, ekarri die omenaldia Alonsori eta Zabalari.

Ezustean, aitortza jaso dute, Alonsok esan digunez: “Ez genuen horrelakorik espero. Osteguneroko azoka eguna zen, eta hantxe ginen gu, geure gauzetan, beste zenbaitekin batera. Orduan, momentu batean plazara joan ahal ginen esan ziguten Josuri eta bioi, eta han, omenaldia jaso genuen. Hunkigarria izan zen”. Zabalaren azpimarra: “Aitortza guri egin digute, baina auzolanaren meritua da guztia. Errazago da aitortza fokalizatzea, baina hori baino inportanteago iruditzen zait guk egindako lana bestek ontzat hartzen duela ikustea, gure lanak, modu batean edo bestean, eurak harrotzeko ere balio izatea”.

Horrelaxe jaso zuten Alonsok eta Zabalak neguko azokan parte hartzen duen artisauetako baten oroigarria. “Fidel Largatxarena da, zoragarria. Artista handia da Fidel, sormen handikoa”.

Artikulu hau Argia.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide