Gure inguruko errepideetan 'El Mortirolillo' bezala ezagutzen zen igoera bat zegoela, lehen aldiz, aitak esan zidan. Erbi eta Ozeka lotzen zuen errepideari ezizen hori jarrita zioten Aiaraldeko txirrindulariek.
Bizikleta hartu eta bidegurutzearen bila joan nintzen. “Zer nolako igoera izango da, Italiako Giroko portutzar horren izena jartzeko?” galdetzen nion nire buruari.
Kostera/Opellora deskubritzeko espedizioa bestalde, arras ezberdina izan zen. Mastin txakur bat igoerako zati gogorrenetakoan agertu zitzaidan, bizikletari buelta eman eta, ziztu bizian, alde egin nuen.
Biak konbinatuko ditu 2022ko Euskal Itzuliko edizioak, lasterketa handien tradizioa mantentzeko. Kostera/Opelloran gora %25eko maldak pasa ostean, hiru minutu t’erdi baino pixka bat gehiagoko esfortzua egin behar izango dute txirrindulariek. Gero bost minutuko tarteko “errekuperazioarekin” Erbin aurkeztuko dira eta 'El Mortirolillo'-n gora igotzen zortzi minutuko ahalegina egingo dute.
Izan ere, hor egongo da etaparen gakoa, bi esfortzu bortitz egin behar izateak, hain denbora tarte txikian, bakarrik ziklista hoberenak lasterketaren buruan utziko ditu. Malda zakarrei lotuta, igoeretara hurbiltzeko errepide sigi-sagatsuek tentsioa handituko dute. Telebistan sumatzea zaila den pelotoi barruan puntako posizioak lortzeko borrokak, higadura sortuko du txirrindularien artean.
Ez da baina etapak gordetzen dituen zailtasun bakarrak eta, Hondarribiko kronoa eta urtero Arrateko etapa erabakigarriaren lizentziarekin, gure bailarako etapa epaile izan daiteke Itzuliko sailkapen orokorreko garailea erabakitzen.
Apirileko lehen asteazkena egutegian markatu. Munduko txirrindularitzak Aiaran emango duen 'show' bikaina ez galdu. Bizikletan eta naturan egun zoragarria bizi dezazuela opa dizuet.