Inguru paregabea, Aiaraldeko errepide ezezagunak, Gorobel zuriz jantzita eta txirrindulariak etapa borrokatzeko gogotsu. Txirrindularitza egun paregabea bizitzeko behar ziren osagai guztiak izan genituen Laudio eta Amurrio arteko etapan.
Bide bazterrean zaletu mordo eta, zaletuen artean, koadrillakoak batu ziren ere #Arberaszone pankartapean, letra hauek idazten ari denaren aurpegiaren irudiak eskuan. Zelako artistak! Egoitz, Endika, Urko, Jagoba, Urritz, Arkaitz, Jon Ander eta Iñaki eta aritu diren hainbeste. Parranda antolatzeko profesionalak dira koadrillan eta ondo erakusten dute aukera dagoenean.
2020ko Tourrean, Marie Blanque mendateko zuzengunean zer nolako sorpresa harrapatu nuen nire aurpegia XXL formatuan errepide bazterrean ikusita. Tropelean ikusi ez zuenik ez zen egon eta gero Tourrean zehar barreak eta txantxak ugari izan ziren nire aurpegiko kartelen inguruan.
Lagunak pozak bikoiztu eta penak erdibitu egiten dituztela diote. Pellok lortutako garaipen bikainaren poztasuna familia eta lagunekin konpartitzeko aukera izatea gutxitan dugun aukera da. Lerro hauetatik, milesker lagunak!