75 urte bete ditu Yandiola hortz klinikak. Ibilbide luze bezain gorabeheratsua egin du, familia bereko hiru belaunalditan zehar.Juan Maria Yandiolak eman zituen lehen pausoak 1945. urtean, kartzelatik atera ostean. Guda Zibila hasi baino lehen Valladoliden zegoen medikuntza ikasten gazte bilbotarra.
Bertan, Jose Antonio Giron de Velascoren lagun egin zen, boxeoarekiko zaletasuna konpartitzen baitzuten biek. Giron de Velasco Francoren ministro bilakatuko zen urte batzuk beranduago, eta bera izan zen Yandiolari etxera itzultzeko esan ziona, altxamendu frankista gertatu baino bi egun lehenago. Ikasle Euskaldunen Elkarteko presidentea zen Yandiola, eta altxamenduak Valladoliden harrapatu izan balu arriskuan egongo zen seguru asko.
Heriotzara kondenatua
Arrankudiagara itzuli ostean Padura batailoian eman zuen izena gazteak, eta kapitaina izatera iritsi zen. Santoñako Hitzarmenaren ostean epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina zigorra ordezkatu zioten gero, eta sei urteren buruan atera zen kalera. Bere ematzeak, Estefania Uribe-echebarriak, aldiz, lau urte igaro zituen Frantzian, erbestean.
Kartzelan eman zituen urteak latzak izan ziren, baina espetxeko klinikan laguntzeko aukera izan zuen Yandiolak. Askatasuna berreskuratu zuenean Madrilera jo zuen odontologian espezializatzera, eta Aiaraldera itzuli zen gero.
Laudioko jaietan artatu zuen Yandiolak bere lehen pazientea. Bera eta Uribe-echebarria etxeko balkoian zeuden, ez zutelako zezenketak ikustera joateko dirurik. Halako batean, pertsona bat ikusi zuten Markesaren iturriaren alboko zubitik ibiltzen, eskua masailean zuela. Pertsona horrengana jo zuten eta hagina kendu zioten, eta zezenketetara joateko aukera eman zien horrek.
Aitzindaria Aiaraldean
Garai hartan Laudion ez zegoen horrenbeste lanik. Gauzak hala, Orozkon beste kontsulta bat jarri zuen Yandiolak. Aitzindaria izan zen: 1950ko hamarkadan bera zen Urduñatik Basaurira arteko zatian zegoen hanginlari bakarra, eta lan-kopurua nabarmen handitzea ekarri zuen horrek.
Bigarren belaunaldia
1976ra arte lanean aritu zen Yandiola etengabe. Urte horretan zendu zen, eta bere semeak, Juan Antoniok, hartu zuen bere lekukoa, klinikako bigarren belaunaldiari bide emanez. Zerbitzu militarra egiten 14 hilabete eman ostean ekin zion lanari, eta berehala egin zuen lehen aldaketa nabarmena, 1979. urtean: Carmen kaleko 13. zenbakira mugitu zuen kontsulta, espazio zabalagoa izateko. Orduz geroztik hori izan da klinika entzutetsuaren kokalekua.
Hirugarren belaunaldia
Juan Mari Yandiolak 2002. urtean amaitu zuen karrera, eta 2004. urtean ekin zion klinikan lan egiteari, bere aitonak eta aitak aurreko bi belaunaldietan jorratutako bideari jarraitzeko asmoz.
Urte hauetan guztietan odontologia “erabat” aldatu dela nabarmendu du Yandiolak: “Lehen haginak kendu eta protesiak jartzera mugatzen zen gure jarduna. Orain dena dago digitalizatua, teknologia zeharo aldatu da. Jendearen kontzientzia ere aldatu da zeharo, eta azken hogei urteetan gorakada egon da inplanteen eskaeran”.
Eskerrak pazienteei
Urte hauetan guztietan eurengan konfiatu duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete Yandiola sendiko kideek. “Klinikako paziente zaharrenak hiruron eskuetatik igaro dira: aitonarekin hasi ziren eta hona etortzen jarraitzen dute”.