Babestutako edukiak

Bebidas Serrano: 45 urteko ibilbidea ospatzeko, topa

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2020ko aza. 6a, 06:00

Atanasio Serranok bere seme-alaben esku utzi du enpresa. / Aiaraldea.eus

Duela 45 urte ekin zion Atanasio Serranok edariak furgoneta batean banatzeari. Negozio txikia zena eskualdeko erreferentziazko enpresa bilakatu da lau hamarkadetan. 

45 urte bete ditu Bebidas Serranok. Atanasio Serranok sortu zuen enpresa. Aceros de Llodion egiten zuen lan, eta denbora librean Fermin Garmendia fruta saltzaileari laguntzen zion Bilboko merkatura erosketak egitera joaten zenean. “Berak erakutsi zidan dakidana”, oroitu du laudioarrak, “zenbait edari saltzen zizkien taberna batzuei, eta zeregin hori nik hartzea proposatu zidan, bera lanez gainezka zegoelako”.

Horrela hasi zen enpresaren ibilbidea. Furgoneta batekin gora eta behera aritzen zen Serrano, ura eta zenbait irabiatu saltzen. Baina laster ekin zion eskaintza handitzeari: garagardoa, ardoak, likoreak...  Gaur egun 2.000 produktu inguru dituzte katalogoan eskura. Modu horretan, enpresa txikia zena eskualdeko erreferentea bihurtzen hasi zen. "Kanpoko saltzaile batek banatzaile batengatik galdetzen zuenean jendeak niregana bideratzen zuen zuzenean", azaldu du Atanasio Serranok. 

Lehen biltegiak, Landaluzen

Landaluze kalean ireki zuten lehen biltegia, 50-60 metro koadrokoa. Handik urte batzuetara kale bereko beste lokal batera mugitu ziren, 150 metro koadrokoa (gaur egun albaitaria kokatua dagoen tokira). Luiaondora joan ziren gero, eta bertan egon ziren 2005. urtera arte. Orduan eskuratu zuten orain duten pabilioia, Arantzar poligonoan.

Belaunaldi aldaketa erabat bermatua dago enpresan. 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zen Serranoren semeetako bat negozioan laguntzen, eta orain alabaren eta bi semeen artean daramate enpresa. 

Koronabirusaren krisiak eragin negatiboa izan duen arren, azken urteetan goranzko joera etengabea izan du enpresak. “2008ko krisia baino lehenagoko zifrak berreskuratzera heldu ginen”, azaldu du Bego Serranok. Enpresak, beraz, etorkizun oparoa du, beste 45 urte betetzeko haina. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide