Urtebetetzeak data bereziak dira, urteak betetzen dituenarentzat eta ondoko lagun zein senideentzat ere. Horregatik, ospakizun horietarako erritual proposamena garatu du Laudio Ikastolak, bakoitzak bere errealitatera egokitzeko modukoa.
Haur-burbuila bakoitzean “eguzki” bat sortuko dute. “Umeek uneoro ikus dezaketen leku batean jarrita egongo da. Urtebetetze egunean, goizeko lehen unetik sarreran jarriko dugu umearen argazkiarekin”, azaldu dute ikastolako kideek.
Familia bakoitzari 3 argazki esanguratsu eskatuko dizkiete: “Argazki bat jaio berritako eta besteak umearekin batera aukeratutakoak”. Nabarmendu dutenez, garrantzitsua da aukeraketa horri denbora eskaintzea.
Urtebetetze egunean umeak Ikastolara argazki horiek eraman beharko ditu. “Izan daiteke kutxatxo baten barruan... zerbait berezi eta inportantea bezala”. Argazkiak eguzkiak dituen “pintzetan” jarriko dituzte, eta jarraian ekingo diote errituala ospatzeari.
Laudio Txikiko haurrekin ekin diote Laudio Ikastolan errituala ospatzeari, baina etxean ere egin daiteke, familia giroan
Errituala
Erritualaren nondik norakoak azaldu dituzte ikastolako kideek: “Gustuko dugun leku goxo eta lasai bat topatuko dugu. Bertan, alfonbra baten erdian, sortu dugun Eguzkia jarriko dugu. Eguzkiaren erdigunean kandela (hainbat urte, zenbat kandela) jarri eta piztuko dugu, eguzkiaren berotasuna eta argia sinbolizatzeko”.
Ospakizuneko lagunak lurrean eseriko dira borobil bat osatuz. Urteak betetzen dituen haurra ere borobilean eseriko da. Ondoren, honakoa esango dute parte-hartzaile guztien artean: “Lurrak eguzkiari buelta eman dio eta (urteak bete dituenaren izena)-k X urte bete ditu”. Ondoren, eguzkia atzamarrekin inguratuko dute, haurra jaio zen hilabetetik hasita. “Eguzkiari bira bakoitzak urtea irudikatzen du, beraz, eguzkiari birak urteen kopuruaren araberakoak izango dira”.
Errituala ixteko, guztien artean abesti bat kantatuko dute eta haurrak kandelari putz egingo dio.
Argazki bilduma gelan
Urtebetetze ospakizuna bukatzen denean, eguzkian erabilitako argazkiak koadrorako baliatzen dituzte. “Argazki hauek argazkien koadroan pintzekin eskegita egongo dira umeen altueran. Azpian argazkietarako kutxatxoa eta pintzetakoa egongo da. Umeek edozein momentutan argazkiak eskegitzeko, kentzeko… aukera izango dute”.
Ikastolako kideek nabarmendu dutenez, oso erraza da errituala etxean prestatzea: “Kartoizko borobil bat eta pintzak besterik ez dira behar".