Bi urte hauek intentsuak izan al dira?
Zalantzarik ez izan. Zaraoberen tamainako zentro bat kudeatzeak lan asko suposatzen du. Horri gehitu behar zaio, bestalde, pandemia bat kudeatzea egokitu zaigula. Beste ikastetxeek bezalaxe, Zaraobek ere ahalegin berezia egin behar izan du pandemiak eskatzen dituen neurrietara moldatzeko.
Pozik zaudete pandemia garaia kudeatzeko egindako lanarekin?
Hasieran egoerak jokoz kanpo harrapatu gintuen, guztiok bezala. 19-20 urtearen azken herena pixka bat kaotikoa izan zela esango nuke: astero aldatzen zen egoera eta Lakuatik zetozkigun aginduak. Horrek tentsio handia sortzen zigun guztioi. Hala ere, ikasle guztiontzako baliabideak egotea lortu genuen, ordenagailuak eta datu txartelak bananduz. Garai zail hartako irakasleen lana, eta ikasle eta familien inplikazioa ere azpimarratuko nituzke.
Eta ikasturte hau zer moduz doa?
Kurtso honetan neurriak lasaitasunez hartu dira, egoera kontrolatuago dago eta momentuz emaitza partzialak egokiak dira: ikasleak primeran moldatu dira pandemiak behartutako neurrietara, ondo zentratuta daude ikasketetan eta lasaitasun nabaria dago zentroan. Hori bai, garrantzitsua izango litzateke modalitate presentzialean jarraitzea, online irakaskuntza adabaki bat da, ez da egokia nerabeentzat.
Aurten aldaketa batzuk egon dira DBHn, ezta?
Bada, bai, egoera gorabehera, aldaketak aurrera doaz. Nabarmenena ordutegia da. Eskola komunitatearen eskaera bat zen ordutegi trinkoa ezartzea. Ordutegi trinkoarekin batera arratsaldez errefortzu saioak ezarri ditugu, Hauspoa eta Bidelaguna, alegia. Sekulako tresnak ari dira izaten konfinamenduak sortutako gabeziak konpentsatzeko.
Egoera honetan beste erronka bat jauzi digitala da.
Bai, eta erronka horri eutsi egin diogu. Izan ere aurreikusita geneukan DBH 3. mailatik aurrera 1X1 plana ezartzea. Honela, Chromebook motako ordenagailuak paperezko liburuak ordeztu dituzte. Momentuz aldaketa oso positiboa izan da, atzera bueltarik gabeko prozesua dela iruditzen zaigu. Datorren urtean bide horretatik jarraituko dugu, noski, are gehiago sailburuak ikasle guztiek ordenagailu bana izango dutela agindu duelako.
Horrekin batera beste ezaugarri bat potentziatzea proposatu dugu: euskararen erabilera. Izan ere, gizartearen erdararako joera ari gara antzematen azken urteotan. Eskolaren ezinbesteko helburua ikasleen euskararekiko jarrera positiboa sustatzea da. Horrek onurak ekarriko ditu gero maila akademikoan.
Zer esango zenieke datorren urtean DBHko Lehen Mailan sartu behar diren ikasleen familiei?
Lehenengo eta behin erabaki ona egin dutela eskola publikoa aukeratzerakoan. Gure erreferentziazko zentroak Arteko Gure ama, Etxaurren, Okondo Haur eskola, Lucas Rey, Zabaleko eta Urduña eskola dira, eta guztietan ari dira sekulako lana egiten, bakoitza bere ezaugarriekin. Sobera prestatuta etortzen dira DBHri aurre egiteko.
Zaraobe guztiontzako topagunea da, toki bat jende berria ezagutzeko, sekulako instalazioak dituena eta oso irakasleria profesionala daukana, niretzat hoberena. Zaraobek, ikasteko tokia izateaz gain, zoriontsu izateko toki bat izan nahi du Aiaraldeko gazteentzat.