Zein da hezkuntzaren gakoa haurtzaroan?
Haurtzaroa oso garai sentikorra da, asko zaindu beharrekoa. Guretzat haurra bere prozesuaren erdigunean dago. Hezkuntza gaur egun ez da, batez ere adin hauetan, haurrari gauzak irakastea. Haurrak bere kabuz ikasiko du, inguruko baldintzak egokiak badira. Helduaren papera baldintza horiek zaintzea da. Lehenengo helburua ziurtasuna da. Helduarekin harreman ziurra izan behar du haurrak, bestela, ziur sentitzen ez den haurrak, nekez egingo du aurrera.
Beste baldintza garrantzitsua da testuingurua aberatsa eta kitzikagarria izatea. Haurrek jolasten ikasten dute, eta horregatik beraien interes ezberdinak estimulatzen dituzten adin bakoitzerako materialak eskaintzen dizkiegu. Ziurtasuna eta testuinguru aberatsa duen haurrak modu autonomoan ikasiko du.
Nola lantzen da ikaslearen autonomia Aresketa Ikastolan?
Autonomia ez da gauzak bakarrik egitea soilik. Besteekin zein helduekin egotean iniziatiba izatea ere funtzionamendu autonomoaren adierazle da.
Horregatik ikastolan espazio zabalak, irekiak eta ondo berezituak ditugu. Gune hauen antolaketa dinamikoa da, behar zein desio ezberdinak asetzeko (esperimentazioa, eraikuntzak, ipuinak, sinbolikoa, matematika, motrizitatea…). Haurrek zer, nola eta norekin egin nahi duten aukeratu dezakete. Haien interesetik abiatzen dira, modu natural eta autonomoan ikasiz.
Noski, desioarekin batera, frustrazioa dator, beti ezin baita lortu batek nahi duena. Frustrazioaren aurrean, zein beste edozein emozio bizitzean, heldua gertu egongo da eta aurrera egiten lagunduko dio. Emozioak kudeatzen ikastea ere ezinbestekoa da autonomoki funtzionatzeko.
Zergatik da hain garrantzitsua haurraren garapen prozesuan egokitzapen garaia?
Esan bezala, haurra ziur sentitzea funtsezkoa da bere ondorengo garapenerako. Eta seguru sentitzeko, prozesu honetan ere, ezinbestekoa izango da bere erritmoa errespetatzea. Egokitzapen prozesua baino, binkulazio prozesua dela esan genezake. Haurra badator berarentzat atxikimendu figura den guraso edo zaintzaile batez lagunduta. Pertsona hori presente dagoela, haurrak lehenengo esplorazioak egiten ditu, testuingurua ezagutzen du eta erreferentziazko figura batekin binkulatzen du. Ondoren atxikimendu figuraren aldentzeak bizitzen ditu eta erreferentziazko figura berriaren laguntzarekin bidea egiten du. Gauza asko gertatzen dira egun horietan, haurrarentzat aldaketa handia da eta horrek guztiak denbora behar du.
Nola lantzen da hori Aresketa Ikastolan?
Iraileko hiru aste luze hartzen ditugu prozesu hori kontuz eta mimoz egiteko. Badakigu familientzat hiru aste seme-alaba laguntzeko ahalegin handia dela, baina gure lehentasuna haurraren erritmoa errespetatzea da beti.
Helburua ez da bakarrik egokitzea, baizik eta haztea. Hau da, egoeraz jabetzea, bere emozioez konturatzea eta baliabideak aktibatzea amarengandik banatzea lantzeko.
Nola begiratzen diozue ikastola-familia harremanari Aresketa Ikastolan?
Gure lanaren zutabe nagusia da. Lan hau guztia ezinezkoa litzateke ikastola eta familiaren arteko harreman estua izan gabe. Familia da lehenengo espazioa haurrarentzat, eta horregatik funtsezkoa da familia gustura sentitzea gure komunitatean.
Tutoreek harreman esturako aukera ematen dute, eguneroko komunikazioa mantenduz. Eskolatze prozesu guztian zehar guraso eskola ere martxan dago. 2-16 urte bitarteko ikastola izateak familiekin harreman luzea izateko aukera ematen du.
Irakasle taldea eta familiak elkar ezagutzeak lotura indartu eta konfiantza bermatu egiten du. Azkenean, Aresketan, familia handi bat gara.