Ohikoan baino goizago hasi eta bukatuko da 2021-2022 ikasturterako Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako matrikulazio kanpaina. Datorren astelehenean hasiko da eta hilabete amaierara arte luzatuko da.
Epeak
Urtarrilaren 18tik 29ra egongo da eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea. Bi modutara aurkeztu ahalko dira: Internet bidez edo aukeratutako lehen ikastetxeko idazkaritzara joz. Lehen kasuan ikasgunea.euskadi.eus webgunera jo beharko da. Duda edo zalantzarik izanez gero mezua bidali daiteke ikasgunea@hezkuntza.net helbidera.
Eskatzaile guztien zerrenda otsailaren 16an argitaratuko da, eta martxoaren 9an plazaratuko dira behin behineko zerrendak. Orduan irekiko da erreklamazioak egiteko epea, martxoaren 16ra arte, eta 23an argitaratuko dira behin betiko zerrendak.
Digitalazioan sakonduz
Eusko Jaurlaritzak 35 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean eskola publikoaren digitalizazioa bermatzeko. Datorren ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 5. maila eta Batxilergoko 2. maila bitarteko ikastetxe publikoetako ikasle guztiek ordenagailu eramangarri propioa izango dute, Hezkuntza sailburuak ziurtatu duenez.