Mamitsua izan da 2020a Kirikiño aisialdi taldearentzat. “Urte berezi bezain oparoa izan da”, nabarmendu dute elkarteko kideek, “aisialdiak egunerokotasunean duen pisuaz jabetzeko aukera eskaini digu, besteak beste”.
Aldizkari batean laburbildu dituzte urtebetean eginikoak. “Elikadura lan-taldearen jarduna” nabarmendu dute. “Oso positiboki baloratu dute ildo horrek 2020an ildoak izandako bilakaera". Auzolana bilakatu da proiektuaren adar honetako tresna nagusi, eta bere fruituak eman ditu Laudioko Isasi auzoko baratzean”. Zehaztu dutenez, 10 auzolanetik gora burutu dituzte urtean zehar, “baita asanblada eta ate irekiak ere”.
Gabonetan, aldiz, jolasa eta jostailuak izan zituzten hizpide. Jolasari eta haurren garapenari buruzko solasaldia antolatu zuten, Olgetan elkarteko Itsaso Pagoagarekin eta Hitz Zentroko Eva Alonsorekin. Jostailu ez-sexistak aukeratzeko gida bat ere plazaratu zuten.
Baliabide ugari
Horrez gain, guraso zein haurrentzako baliabide asko bildu dituzte www.kirikinotaldea.eus atarian. Mota guztietako edukiak topatu daitezke webgune horretan: errezetak, eskulanak egiteko jarraibideak, bideo-ipuinak... denak euskaraz. Konfinamendu garaian sortu zituzten eduki gehienak, familiei etxean erabiltzeko tresna errazte aldera.
Baina ez dira Internetera mugatu. Paperezko lauhilabetekaria ere sortu dute arestian aipatutako edukiekin, “arrakala digitala” gainditzeko asmoz.
Orain, aldiz, gazteei begira jarri dira. Galdetegi bat sortu dute labur.eus/gaztehitzahartu helbidean. Gazteei begirako eskaintza diseinatzea dute helburu; baina, aurreratu dutenez, egitasmo horren “lehen urratsak” baino ez dituzte egin momentuz.