Ez da urrunera joan behar ezohiko tokiez gozatzeko. Gurean ere baditugu altxor ugari, askotan ezkutuan geratzen direnak. Aiaraldea da horren adibide. Bilbotik eta Gasteiztik ordu erdi eskasera dagoen arren, harribitxi ezezagun asko ditu eskualdeak. Natura aldetik paraje ederra da Aiaraldea. Horren adibide dira Nerbioiko ur-jauzia, Maroñoko urtegia, Gorobel mendilerroa edota Garrastatxuko zonaldea, besteak beste.
Hemen topatu daiteke toki horiei guztiei buruzko informazioa.
Gauzak hala, xendazaletasuna praktikatzeko gune hobezina da Aiaraldea. Hainbat ibilbide egin daitezke eskualdean barrena, zailtasun ezberdinetakoak. Aiarako Kuadrillaren webgunean topatu daiteke informazio guztia, mapak eta argazkiak barne.
Ondarea
Ondarearen aldetik ere hainbat harribitxi topatu daitezke eskualdean: Kexaako monumentu multzoa, Amurrioko Indianoen etxeak, Artziniegako hirigune historikoa, dorretxeak, Ermu Andra Mariaren santutegia, Etxaurrengo baseliza eta Arteko Andra Mariaren Santutegia, besteak beste.
Hemen topatu daiteke toki horiei eta beste batzuei buruzko informazio gehiago.
Artziniegako museoak, zabalik
Ondareari dagokionez, Artziniega da Aiaraldeko bihotzetako bat. Bertan daude eskualdeko museo esanguratsuenetako bi, eta biak daude zabalik uneotan.
Artziniegako Museoa: asteartetik larunbatera (11:00-14:00 eta 16.30-19:30) eta igandeetan (11:00-14:00). Aste Santuko ostegun, ostiral, larunbat eta igandean, aldiz, 11:00-14:00 eta 16:20-19:30 egongo da irekita. Pazko astelehenean 11:00etatik 14:00etara zabalduko dute.
Santxotena Museoa: Larunbatetan 11:00-13:30 eta 16:00-18:00 eta igandetan 11:00-13:00.
Gastronomia, zentzumenen gozamenerako
Aiaraldeak eskaini dezakeen beste indargunea da tokiko ekoizleen produktuak. Zehazki, lehen sektorean aritzen diren lagunen zerrenda oparoa da, ez bakarrik kopuruan, baita lantzen dituzten esparruetan ere: eztia, haragia, artisautza, barazkiak...
Ogibide horiek kulturarekin daude lotuta ere, eta, esaterako, Agiñiga edota Izoriako gaztandegiak bisitatzeko aukera dago, azaldu dezaten nola lortzen den eskualdeko Idiazabal aparta. Bisitariak aintzat hartu behar duen balio gehigarria da Euskal Herriko txoko ezezagun bezain politetan daudela kokatuta gaztandegiak.
Horrez gain, bazkaldu, afaldu, mokadu bat jan edo lo egiteko toki ugari daude eskualdean. Aiaraldeko Kuadrillaren atarian topatu daiteke toki horiei guztiei buruzko informazioa.
Txakolindegiak
Zapore aldetik ere eskualde bizia da Aiaraldea. Txakolina da eskualdeko edari ezagunena. Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko edariek aitortza eta sari andana lortu dituzte mundu osoan.
Jatorrizko Izendapenak sei upategi barnebiltzen ditu, eta horietako lau daude irekita une honetan:
Artomaña
Bisitentzako orduak: 11:00, 12:30 eta 16:30 (Bisita gidatua, 2 txakolin eta pintxoren dastatzea)
- 'Artomaña sakonean' bisita: Bisita gidatua + garagardo dastatzea ++ 2 txakoli eta vermutha + 4 pintxo + txakoli botila opari
Beldui
Bisitak igandetan 11:30ean
Gure Ahaleginak
Bisitak asteburu eta jaiegunetan 11:00etan. Lanegunetan 12:00etan. Hala ere, zortzi pertsona baino gehiago badira ordutegia aukeratu dezakete.
Torre Murga
Murgako dorretxea toki interesgarria da ondare aldetik, baina txakolina ekoiztu eta eskaintzen dute baita.
Hemen topatu daiteke eskualdeko upategi guztiei buruzko informazioa. Talde txikietarako bisita gidatuak eskaintzen dituzte txakolindegiek, aurretik erreserba eginda. Txakolina egiteko prozesua azaltzen dute, mahastietatik upeletara. Tokiko produktuen eskaintza gastronomikoa ere eskaintzen dute, edariaren dastatzean bestelako zapore batzuk ere tartekatzeko.