Goizean hasita, Santa Katalina itsasargira bisita egin daiteke. Esan behar da Kantauriko kostaldean bisitarientzat irekita dagoen itsasargi bakarra dela, eta itsas nabigazioaren teknologia interpretatzeko zentroa duela barnean. Nolanahi ere, bertatik ikusten den paisaiaz gozatzea da altxorrik handiena.
Ondoren, herriko erdigune historikoan barneratzea aukera ederra da, eta helmuga portua izan daiteke; taberna eta terrazetan hamaiketakoa egiteko. Ibilaldia egin bitartean, Andra Mariaren Basilikan sar daitekeen galdetzea ere komeni da, izan ere, ahal izanez gero, aho bete hortz uzten duen erretaula miretsiko dute bertaratzen direnek. Bazkaltzeko ere, aukera ugari ematen ditu Lekeitiok, eta behar-beharrezkoa da indarra hartzea, egunaz gozatzen jarraitzeko.
Arratsalderako berriz, bisitari-taldearen araberako plana egin daiteke. Bikotekidearekin edo lagunekin bidaiatuz gero, ur-jarduera bat aukera egokia izan daiteke ondo pasatzeko: Stand Up Paddle eta piraguak daude, portutik edo hondartzatik abiatuta, Lea itsasadarrean barneratzeko. Eta bestetik, familian edo ume txikiekin joanez gero, Mendexan (Lekeitiotik bi kilometrora), abentura-parke zoragarria dago: ibilbideak daude zuhaitzetik zuhaitzera, tirolinaz, zubi tibetarrez eta eskalez igarotzeko.
Eta bukatzeko, eguna motz geratu bada, ostatu hartzeko aukerak ere primerakoak dira kostaldean.
Kontuan hartzeko hainbat gomendio
- Herria bisitatzeko, Lekeitioko sarrerako doako aparkaleku publikoak erabili daitezke.
- Hondartzaren aurreko uhartera pasabidean barrena oinez joatea plan bikaina izan daiteke, baina kontuz ibili mareekin!
- Portuko tabernetako terrazetan, kantinetan edo hondartzaren gaineko hotelean txakolin paregabea dastatzeko aukera dago.
- Lekeitiotik gertu dauden altxorrak bisitatzea ere ezinbestekoa da: Ondarroako erdigune historikoa, Eako herria eta Zenarruzako Monasterioa, besteak beste.