Kanpaina berriko protagonista den Velazquez konpositore eta orkestra-zuzendariari dagokionez, Laboral Kutxak bere egiten ditu, bete-betean, balio hauek: talde-lana, lankidetza eta, zehazki, konposizio-lanen malgutasuna, ezinbestekoa film bakoitzaren estilora egokitzeko. Izan ere, gauza bera egiten du entitateak bere bezeroekin.
Soinu-bandek eman diote, batik bat, entzutea Velazquezi. Haien artean, garrantzi handiko filmak daude, hala nola El orfanato, Ocho apellidos vascos, Lo imposible, Hércules, Un monstruo viene a verme (musika originalik onenaren Goya saria eskuratu zuena), El guardián invisible, El secreto de Marrowbone eta Patria telesaila. Orkestra zuzendari gisa, berriz, honako hauek zuzendu ditu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, London Metropolitan Orquestra, Budapesteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta beste batzuk.
Humanity at Music konposizioko pieza
Kanpainaren grabazioa Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egin zen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek eta inguruko beste orkestra batzuek osatutako talde batekin. Iragarkirako jo zuten pieza ez zen ausaz aukeratu: Humanity at Music da, Velazquezen konposizioa, Laboral Kutxa partaide duen Mondragon Korporazio Kooperatiboaren izen bereko proiekturako sortua.
Humanity at Music izeneko ikuskizunaren eta liburuaren bidez, filosofia eta balio kooperatiboak hedatu nahi izan ziren. Proiektu horretan, musika, narratiba, kantua, ilustrazioa, bertsolaritza, antzerkia eta dantza uztartu ziren, eta soinu-banda, jakina, Velazquezek egin zuen. Proiektuan parte hartzeko, buru-belarri murgildu zen esperientzia kooperatiboan, eta funtsean horregatik aukeratu genuen gure kanpainaren protagonista izateko.