“Haurraren mugimendu librea da Pikler pedagogiaren giltzarria”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2021ko api. 14a, 08:56

Amaurre txikiko arduraduna da MAIDER RUIZ. Pikler pedagogian oinarritutako jarduerak  egiten dituzte bertan. Metodologia honen inguruan mintzatu da.

Zer da Pikler pedagogia?

Pikler pedagogia haurren hazkundeari laguntzeko modu bat da, eta haurren jakin-min naturala eta beren garapen-gaitasunak ditu ardatz. Emmi Pikler-ek, Hungariako pediatrak, helduaren zereginari eta haurraren garapen motorrean izan zuen esku-hartzeari buruz ikertu zuen; haren arabera, haurrek, beren ahalmen guztia garatzeko, espazioa, mugimendu-askatasuna eta arropa erosoa baino ez dute behar.

Zein adineko haurrei dago zuzendua?

Pedagogia hau  0 eta 3 urte bitarteko hazkunde-etapa goiztiar eta erabakigarrian oinarritzen da. 

Etapa hori lantzen ari gara Amaurre Txikin. Haurraren mugimendu librea da pedagogia honen giltzarria. 

Zein da hezitzaileen papera?

Pedagogia honetan, helduak haur bakoitzaren erritmoa errespetatu behar du. Haur bakoitza desberdina den bezala, bere garapen-etapak ere hala dira. 
Gure haurtxoei ez diegu zertan bidea erakutsi, baizik eta nori berea egiten uztea garapen autonomoan lagun eginez. Horrek guztiak lagundu egiten dio haurrari bere gaitasunak aurkitzen, bere porrotetatik eta lorpenetatik abiatuta ikasten.

Guri dagokigu motrizitate aske baterako baldintzak ziurtatzea, eta hala egiten dugunean, haren bilakaera harmonian eta segurtasunean nabaritzen da, haren mugimenduetan.

Azpiegitura berezia behar da pedagogia hau aplikatzeko?

Portaera egokia ahalbidetzeko, ingurune fisiko egokia behar da. Horregatik, Pikler metodologiak hainbat material proposatzen ditu, “Pikler altzariak”. Hauei esker hainbat gauza landu ahal dira; oreka, muskuluen indarra, askatasuna, lorpenak, ausardia. Eta Amaurre Txikin altzari hauez gozatzeko aukera ematen dugu.

Labirintoa da proposamen piklerianoaren material enblematiko  eta identitarioenetako bat. Esperientzia eta aukera ugari eskaintzen ditu, bai mugimenduari lotuak, bai elkarrekintzakoak.

Zeintzuk dira pedagogia honen onurak?

Ugariak dira Pikler pedagogiaren onurak: Psikomotrizitate-zirkuituak sortzeko aukera ematen du, haurren ikaskuntza motorraren alde egiten duena, modu autonomo eta guztiz librean.

Gainera, haurrek sormena eta irudimena garatzen dituzte, kirola eta jarduera fisikoa sustatzearekin batera.  Haurren garapenean ere eragina du pedagogia honek; haurren giharrak eta hezurrak indartzen eta garatzen laguntzen baitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide