ELKARRIZKETA

“Proiektuetan oinarritutako ebaluazio hezigarriago batera egin behar da jauzia”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2021ko api. 16a, 09:23

Ikastolako ikasle oihiak dira Izaro Akarregi eta Miren Solan. / Aiaraldea.eus

Izaro Akarregi (Laudio, 2002) eta Miren Solan (Amurrio, 2002) Laudio Ikastokao ikasle-ohiak dira. Pandemia betean egin zioten aurre unibertsitatera sartzeko ebaluazio probari. Bizitako esperientziaren inguruan mintzatu dira.

Nola eragin du pandemiak zuen bizitzetan eta zuen ikasketetan?

Miren Solan: Zailtasunak eta erraztasunak ekarri ditu pandemiak.Hasieran ezjakintasun handia zegoen eta lan handia egin behar izan genuen, gerora egia da unibertsitatera sartzeko hautaproba azterketa, esaterako, errezagoa izan dela.

Izaro Akarregi: Nik uste lan egiteko modu berri honetara ohitzea lortu dugula eta horrek ere eragin duela erraztasunez moldatzea. Emaitzek ere hori erakusten dute.

Unibertsitatean ere berdin zabiltzate?

I.A. Orain arte ikasgai guztiak presentzialak ari dira izaten, eta ez dugu inolako arazorik izan. Ni Zuzenbidea ikasten ari naiz Leioan.

M.S. Ni Pedagogia ikasten ari naiz Donostian, eta nik ere eskola guztiak aurrez aurrekoak ditut. Aurreko lauhilekoan konfinatu behar izan nintzen eta eskolak modu telematikoan jarraitu, baina egia esan nahiko ondo joan zen guztia.

Zertan uste duzue babestu zaituela Ikastolak bizitako pandemia egoera honetan?

I.A. Komunikazioan laguntza handia jaso dugu, askoz gehiago entzun dira gure kezkak eta zalantzak. Pandemiaren aurretik buelta gehiago eman behar genituen, orain askoz azkarragoa da komunikazioa.

M.S. Harreman estuagoa egon da irakasle eta ikasleon artean. Guk gainera egunero bidaltzen genituen mezuak Selektibitatea zela eta ez zela, eta momentuan jasotzen genuen irakasleen erantzuna.

Eskaeraren bat egingo zeniokete hezkuntza komunitateari? Ikastolari?

M.S.: Ikasleon behar eta premiei erantzuteko gaitasuna. Adibide bat jartzearren Ikastolan bigarren atsedenaldi bat ezarri da aurten Batxilergoko ikasleentzako. Hori guztiz beharrezkoa da, lau ordu jarraian egiten baikenituen.

“Laguntza handia jaso dugu Laudio Ikastolaren partetik, harreman estuagoa egon da irakasleen eta ikasleon artean”

Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa aipatu duzue, zelan joan zen zuentzako?

I.A.: Oso ondo! Espero baino hobeto egia esan! Aurreko urteekin alderatuta erraztasunak izan ditugu, eredua aldatu baita. Azterketa eredu berriarekin ez dago A edo B ereduen artean aukeratu beharrik, askatasun gehiago dago galdera baten edo bestearen artean aukeratzeko. Aurten ere USE proba bide beretik joango dela entzun dugu.

M.S: Erraztasun horiek, ordea, graduetara sartzeko notak altuagoak izatea eragin dute. Exijentzia mailak berdina jarraitzen du izaten baina azterketa on bat egiteko aukerak handitu egin dira. Pedagogian, esaterako, puntu bat igo da nota.

I.A.: Zuzenbidean ere igo egin da langa, 14 puntutik 11 atera behar dira USE proban gradura sartu ahal izateko.

Ebaluazio irizpideak aldatzeko beharra sumatzen duzue?

I.A.: Nota kalifikatzaile batean oinarritutako ebaluazio sistema aldatu beharra dago, bai. Proiektuetan oinarritutako ebaluazio hezigarriago batera egin behar da jauzia.

M.S.: Nire unibertsitateko zenbait irakasgaietan, azterketen beharrean, lanen bidez egiten dugu ebaluazioa.Azterketa baterako eduki bat memorizatu baino, askoz positiboagoa da, norberaren interesetatik informazioa bilatuz eta kontrastatuz eduki hori bera lantzea.

I.A.: Egia da irakasgai bakoitza desberdina dela, horregatik ezin dira ebaluazio irizpide berdinak aplikatu matematikan zein historian. Zuk zeuk informazioa arakatzen askoz gehiago ikasiko duzu ziur.

Unibertsitatean zaudetela, zer botatzen duzue faltan Laudio Ikastolatik?

M.S.: Guk martxoan utzi genion Ikastolara etortzeari, COVID-19aren ondorioz. Ekainean etorri ginen notak jasotzera, eta kitto! Pena da ezin izan baitugu agurrik ospatu, baina egoera epidemiologikoak hobera egiten duenean antolatu beharko dugu zeozer!

I.A.: Nik, unibertsitatearekin alderatuta, faltan botatzen dut Ikastolako irakasleen gertutasuna eta laguntzeko prestasuna. Baditut irakasle onak unibertsitatean baina badira batzuk ikasleez paso egiten dutenak. Nik ere gehien botatzen dudana faltan ikastola ganoraz agurtu ez izana da. 18 urte eman ditut bertan ikasten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide