Gora-beherak gora-behera, 1996ko lehen edizio horretatik 2021era arribatu gira, ekaitzak, tenpestak eta azkenean pandemia gaindituz. Erran gabe doa osasun egoerak ezinezko egin zuela 2020an festibala antolatzea... Baina aurten berriz heldu gira, indartsu eta gogo haundiz.
Aurten ez dugu dudarik izan: urte hastapenetik hamarnaka laguntzaile lanean ari gira EHZ festibalaren antolatzeko eta batez ere testuinguru berezi honetan kulturari arnas gune baten emaiteko nahikeriarekin. Kultur arloko langileak, intermitenteak, musikariak, idazleak, antzezleak izan ditugu gogoan beste hainbaten artean. EHZren betiko xedeetako bat tokiko ekoizleekin eta tokiko artistekin elkarlanean aritzea izan baita, nehoiz baino gehiago bide horretan segitzeko beharra senditu dugu.
Etxeratze agindu, konfinamendu eta bestelako neurriekin, ez da erraza izan aurtengo festibala imajinatzea eta uztaila hastapenerat proiektatzea. Izan ere, prentsa ohar horren bidez EHZko 25. edizioaren lerro handiak azalduko dizkizuegu.
OSASUN NEURRIERI EGOKITUZ
EHZ topagune, saretze eta sozializatzeko espazio bat izatea nahi dugu, euskara komunikatzeko eta harremantzeko hizkuntza gisa lehenetsiz. Aurten, osasun neurriak kontuan harturik, formatu berezi bat prestatzen ari gira, jakinez hainbat xehetasun suprefeturarekin zehazten ari girela oraindik.
· Osasun-pasea sarreran aurkeztu beharko da (PCR negatiboa, 48 oren aitzinetik edo txertoa).
· Edari eta janari ostatuak izanen dira.
· Kontzertu, antzerki, dantza eta beste motako ekimenak xutik ikusten ahalko dira baina maska soinean.
EGITARAUAREN LEHEN BAIEZTAPENAK
Besteak beste, hauek izanen ditugu eszena gainean: CHILL MAFIA (lehen aldiz Iparraldean), RUPER ORDORIKA, POTATO, KUARTZ eta TORHEIT. Adi, datozen asteetan, baieztapen gehiago emanen ditugu eta!
Antzerki, zirko edota dantza ikusgarriek ere programazioa osatuko dute. Horien artean: Hatz(a)marka kantu eta antzerki ikuskizuna; Pirritx, Porrotx eta Mari Motots; Tio Teronen semeak dantza taldea; Andoni Ollokiegi bakarlaria… eta beste frango.
Bestalde, Irisarriko Ospitalean tailer, hitzaldi eta mahai inguru andana bat antolatuko dira, elgarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Bost gai nagusi landuko dira: artearen funtzioak, etxebizitza problematika, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena. Brigada ubelak, bere aldetik, eraso sexisten kontrako tailerrak antolatuko ditu.
SARTZEEN LEHEN AURRESALMENTA
Gaurdanik hiru eguneko 150 sartze salgai dira ehz.eus webgunean, 35 eurotan. Egunez eguneko sartzeak berantago etorriko dira. Heldu den astetik goiti, festibalean laguntzaile izaiteko izen-ematea abiatuko da ere bai. Sinesten dugu uda hastapeneko momentu azkar bat izanen dela, hainbeste faltan bota dugun kultura zuzenean bizitzeko!
Kulturaren pindarra bizitzera goaz.
Gora EHZ!