Zumalakarregi etorbidean du Etxaurre higiezin-agentziak bulegoa kokatuta. Egia anai-arrebek abiatu zuten negozia duela 20 urte, baina familia aspalditik egon da etxebizitzen promozio, eraikuntza eta salmentara lotua.
Zumalakarregi etorbidearen historiaren parte ere bada Egia sendiarena, hain zuzen ere. Etxaurre agentziako fundatzaileen aita, Carlos Egia, Laudioko kale nagusiari bidea zabalduko zion etxebizitzen eraikuntzan aritu zen buru-belarri.
1970eko hamarkadan Jose Mardones eta Zumalakarregi kalea izango zen estrada estuaren arteko lursail bat erosi zuen. Lur malkartsua zen eta urtebete egon ziren mendia dinamitarekin erauzten, gerora etorbideko 48. eta 50. zenbakietan dauden dorreak eraikitzeko.
Garai hartan Laudioko eta Amurrioko beste hainbat etxebizitza altxatu zituzten, Alberto Aceroko merkatu plaza, esaterako.
Ofizioa belaunaldiz belaunaldi egon da familian presente. Carlos Egia, bere aita Gerardo eta neba Ermenegildorekin batera, baserriak konpontzen hasi zen 1950eko hamarkadan, 16 urte zituela: teilatuetatik hasi eta barrualdea atontzera arte. Kexaako komentua ere Egiatarren eskuekin konpondua izan zen, baita Aretako Eliza ere.
Lekukoa hartuta
Zumalakarregiko merkatal zentroa izan zen Egiatarrek eraikitako azken proiektuetako bat. Etxaurre agentzia hor bertan irekitzea erabaki zuten. Eraikuntzan baino, etxebizitzen salmentan espezializatu dira belaunaldi berriak, baina familiaren izaera eraikitzailearen lekukoari sendo heldu diote.