BABESTUTAKO EDUKIA

“Jasangarritasunaren aldeko apustua adierazi genuen eta ildo horretan ari gara lanean”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2021ko abe. 16a, 11:30

Arrankudaiaga-Zolloko Udalaren lan-ardatz nagusietako bat dajasangarritasuna. / Arrankudiaga Zolloko Udala

TXUTXI ARIZNABARRETA alkatea Arrankudaiaga-Zolloko Udalaren lan-ardatz nagusietako bat den jasangarritasunaren inguruan mintzatu da. Udal Gobernuak horren aldeko apustua egin, eta hainbat ekimen eta egitasmo jarri ditu abian. Bide-orriaren nondik norakoak aletu ditu Ariznabarretak.

Azken udal aldizkarian  diozue udal jardueraren ardatz nagusietariko bat jasangarritasunaren aldeko erronka dela.

Aldaketa klimatikoaren ondorio larriak gero eta era nabarmenagoan ikusten ari gara mundu osoan eta ezin dugu nazioarteko itunen eta estatuen politiken zain egon. Behetik gora egoera aldatzen hasteko garaia da, gutariko bakoitzaren jokabidetik, geure ingurutik, geure herritik. Herri Programan jasangarritasunaren aldeko erabateko apustua adierazi genuen eta ildo horretan ari gara lanean.

Energia-efizientzia eta aurrezte plana zehaztu duzue ezta?

Bai, 2020. urtean burutu genuen ikerketan oinarrituz, udal eraikin eta azpiegiturak, argiteria publikoa, udal ibilgailuak eta abar bere barne hartzen dituen energia plana onartu genuen eta aurrera eramaten ari gara zenbait egitasmo. 

Zer urrats egin duzue?

Eskolako teilatuan 40 panel fotoboltaikoz osatutako auto-hornidura energetikorako instalazioa jarri dugu martxan eta Elexaldeko udal eraikin guztien argindar kontsumoa hornituko da bertatik: eskola, haurreskola, osasun zentroa, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearen egoitza, pelotalekua eta oraingoz obretan dagoen Oxinburu azpiegitura sozio-kulturaletarako eraikina.

Autokontsumoaz gain, energia produkzio soberakinak Iberdrolari salduko zaizkio. Esperientzia honek eredugarria izan nahi du auzotarren komunitate pribatuak ere antzerako proiektuak egitera anima daitezen. Ordenantza fiskaletan hobari handiak ezarri ditugu arlo pribatuan fotovoltaikoak bultzatzeko.

Iberlanda parkeko eta ondoko erabilera anitzeko kirol guneko argiteria guztia eraberritu da: azpiegitura osoa, led luminariak, kudeaketa sistemako argindar kuadroak, plakak eta abar. Efizientzia eta ekonomia energetikoaren norabidean, parkeko argiztatzea hobetu da eta, teknologia berriak erabiliz, energia aurrezpen handia lortu da. Udal eraikinen klimatizazio sistemaren efizientzia energetikoaren hobekuntzarako ikerketa egiten ari gara, gastu energetikoa arrazionalizatzea eta energia berriztagarrien erabilpena helburu hartuta. Eta udaleko ibilgailuak zaharkitu ahala, ibilgailu elektrikoz ordezkatzeko asmoa dago.

"Bioaniztasuna eta baso autoktonoaren aldeko apustuan oinarrituz, herri basoen inbentarioa eta basogintza kudeaketa jasangarrirako planaren proposamena burutzen ari gara"

Basogintzan ere ari zarete bidea egiten. 

Bioaniztasuna eta baso autoktonoaren aldeko apustuan oinarrituz, herri basoen inbentarioa eta basogintza kudeaketa jasangarrirako planaren proposamena burutzen ari gara. Bukatu bezain laster aurkezpen publikoa eta prozesu partehartzailea egingo dugu.
Planak eragin oso onak ekarriko ditu: oreka ekologikoa, ingurumena, biodibertsitatea, paisaia, aisia, biomasa, kalitatezko zur produkzioa epe luzera, herritarren basoarekiko harreman eta identifikazio emozionala, eta abar. Jadanik hasi gara lehen urratsak egiten eta Pagobakarra inguruan 4 hektarea eta erdiko basoan zuhaitz-espezie autoktonoen landaketa egin dugu, haritzak batez ere.

Aiaraldea berraktibatzeko ponentzian Nerbioi ibaiaren biziberritzea jarri duzue mahai gainean.

Guztiz premiazkoa da Nerbioi ibaiaren biziberritzea eta norabide horretan doaz gure lehen bi eskaerak. Lehena, Galindoko hondakin-uren araztegirako kolektorea lehenbailehen Ugaotik Laudioko mugaraino luzatzea. Eskandalugarria da XXI. mendean gure ur zikinak ibaira bota behar izatea. Eta bigarrena, Nerbioi ibarrean zehar Arrankudiagako lurretan ere bizikleta eta oinezko bidea egitea eta Nerbioi goienekoarekin konektatzea, Bizkaiko Bizikleta Bideen Planean aurreikusita dagoen moduan. Guretzat guztiz funtsezko proiektua da Nerbioi ibaiak auzoen artean eragiten duen inkomunikazioa gainditu mugikortasuna bideratzeko.

Horrez gain, Bakiola industriagunea sustatzeko neurriak eskatu ditugu eta BI-625 errepideko trafiko astuna AP68 autopistara bideratzea.

Laudioko hiltegia zabaltzearen aldeko manifestaldian ikusi zintugun.

Bai. Azken osoko bilkuran hiltegia berriz zabaltzearen aldeko mozioa onartu genuen aho batez. Azpiegitura hau guztiz garrantzitsua da Nerbioi ibar osoko eta Arabako eta Bizkaiko beste eskualde batzuetako baserritar, harakin eta merkatari txikientzat.  Ezin da ulertu Airaldea berraktibatzeko ponentzia abian jarri eta, une berean, hiltegia ixtea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide