Zein da hezkuntzaren gakoa haurtzaroan, Esther?
Haurtzaroa oso garai sentikorra da, asko zaindu beharrekoa, haurra bere prozesuaren erdigunean dago eta. Hezkuntza gaur egun ez da, batez ere adin hauetan, haurrari gauzak irakastea, haurrak bere kabuz ikasiko baitu inguruko baldintzak egokiak baldin badira.
Helduon papera baldintza horiek zaintzea da, lehenengo eta behin, ziurtasuna emanez. Helduarekin harreman ziurra izan behar du haurrak, ziur sentitu ezean nekez egingo duelako aurrera.
Beste baldintza garrantzitsu bat testuingurua aberatsa eta kitzikagarria izatea da. Haurrek jolasten ikasten dute, eta horregatik beraien interes ezberdinak estimulatzen dituzten adin bakoitzerako materialak eskaintzen dizkiegu. Ziurtasuna eta testuinguru aberatsa duen haurrak modu autonomoan ikasiko du.
Nola lantzen duzue ikaslearen autonomia ikastolan, Zuriñe?
Autonomia ez da gauzak bakarrik egitea soilik. Besteekin zein helduekin egotean iniziatiba izatea ere funtzionamendu autonomoaren adierazle da. Ikastolan espazio zabalak, irekiak eta ondo bereiztuak ditugu. Gune hauen antolaketa dinamikoa izaten da, behar zein desio ezberdinak asetzeko (esperimentazioa, eraikuntzak, ipuinak, sinbolikoa, matematika, motrizitatea…). Haurrek zer, nola eta norekin egin nahi duten aukeratu dezakete. Haien interesetik abiatzen dira, modu natural eta autonomoan ikasiz.
Noski, desioarekin batera, frustrazioa dator, beti ezin baita lortu batek nahi duena.Frustrazioaren aurrean, zein beste edozein emozio bizitzean, heldua gertu egongo da eta aurrera egiten lagunduko dio. Emozioak kudeatzen ikastea ere autonomoki funtzionatzeko ezinbestekoa da.
Soraya, zergatik da hain garrantzitsua haurraren garapen prozesuan egokitzapen garaia?
Esan bezala, haurra ziur sentitzea funtsezkoa da bere ondorengo garapenerako.
Eta seguru sentitzeko, prozesu honetan ere, bere erritmoa errespetatzea ezinbestekoa izango da. Egokitzapen prozesua baino, binkulazio prozesua dela esan genezake. Haurra badator berarentzat atxikimendu figura den guraso edo zaintzaile batez lagunduta.
Pertsona hori presente dagoela, haurrak lehenengo esplorazioak egiten ditu, testuingurua ezagutzen du eta erreferentziazko figura batekin binkulatzen du. Ondoren atxikimendu figuraren aldentzeak bizitzen ditu eta erreferentziazko figura berriaren laguntzarekin bidea egiten du. Gauza asko gertatzen dira egun horietan, haurrarentzat aldaketa handia da eta horrek guztiak denbora behar du.
Eta nola lantzen duzue hori Aresketa Ikastolan, Fatima?
Iraileko hiru aste luze hartzen dugu prozesu horri kontuz eta mimoz ekiteko. Jakin badakigu seme-alabei hiru astez laguntzeko familientzat ahalegin handia dela, baina gure lehentasuna haurraren erritmoa errespetatzea da.
Helburua ez da soilik egokitzea, baizik eta haztea. Hau da, egoeraz jabetzea, bere emozioez konturatzea eta errekurtsoak aktibatzea amarengandik banatzea lantzeko.
Koldo, zein izango litzateke Aresketa Ikastolaren identitate marka?
Gure lanaren zutabe nagusia talde lana da. Erabakirik garrantzitsuenak beti talde hausnarketa egin eta gero hartu ohi dira. Oinarrizko prestakuntzak taldean jasotzen ditugu, eguneroko jarduketaren ebaluazioa denon artean egiten dugu eta haurren jarraipenean ere, zalantzak ditugunean, taldeka lantzen ditugu. Argi dugu inork ez dakiela denok elkarrekin bezain beste.
Horretaz aparte, kanpoko errealitatearekin ere kontrastea egiten dugu gure praktika hobetu aldera. Esate baterako, beste ikastoleekin ditugun mintegietan eta bisitetan esperientziak partekatu eta marko komuna aberastu egiten dugu.
Talde lana aipatuta, ezin ahaztu familiekin egiten den talde lana. Funtsezkoa da ikastola eta familiaren arteko harreman jariokorra izatea, hau ezinbesteko baldintza baita haurrek ikastolan ikasi ahal izateko.
Irakasle talde egonkorra izateak asko lagundu egiten digu ildoa markatu eta gure lanari jarraipen bat eman ahal izateko.