LAUDIO IKASTOLA

Izan zirelako gara, garelako izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2022ko urt. 24a, 07:00

Laudio Ikastolako ikasle ohiak guraso dira orain, eta euren seme-alabak euren eskola berean matrikulatzea erabaki dute.

Laudio Ikastolak mende erdi beteko du aurtengo ikasturtean. Bere garaian ikasle izandakoak, Ikastolako guraso dira orain. 

50 urte igaro dira Laudio Ikastolak lehen promozioari ateak zabaldu zizkionetik. Geroztik, ehunka ikasle igaro dira bertatik, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko eskolatzea bertan garatuz. Hain zuzen ere, ikastetxe berdinean 18 urte arteko eskolatze integral bat jasotzeko aukera nabarmendu dute Miren Urquijok eta Arkaitz Gastakak, Ikastolako Haur Hezkuntzako ikasle batzuen gurasoek: “Argi izan genuen lehenengo momentutik. Beste eskoletan ez dago aukera 18 urte arte egoteko eta horrek ere garrantzia zeukan guretzako”.

Irantzu Albinarratek eta Urko Belaskok ere seme-alabak Ikastolako Haur Hezkuntzan matrikulatzearen alde egin dute. Ikasle ohiak dira biak, eta hasieratik izan dute argi erabakia: “Guretzat oso garrantzitsua zen euskara eta euskal kultura sustatu eta bermatzen zuen ikastetxe batean heztea umeak eta baita hezkuntza eredu aurrerakoi bat bultzatzen duena ere, hainbat baloreetan oinarritutakoa hain zuzen ere: berdintasuna, elkartasuna, elkarlana...”. 

Eneritz Ibarretxek eta Jabi Fernandezek ere antzeko irizpidea baliatu dute erabakia hartzerako orduan: "Ikastola aukeratzean oinarri kulturala, hizkuntza, nortasuna eta baloreak lehenetsi ditugu".

Hiru familiek pedagogia berritzaileen garrantzia nabarmendu dute, hala nola: umeen mugimendu askea, espazio berriak, basoa... 50 urte hauetan Ikastola ez da geldirik egon eta etengabeko berrikuntzan murgildu da. Horretarako, irakasleen formakuntza eta azpiegitura egokien beharra ezinbestekoa dela azpimarratu du Miren Urquijo guraso eta fisioterapeutak, eta Ikastolak hori guztia bermatzen duela uste du. Berrikuntza pedagogikoekin jarraituz espazio naturalen garrantzia aipatu du Irantzu Albinarratek. Horren adibide dira Haur Hezkuntzako ikasleentzat atondutako baratza eta basoa espazioak non naturarekin harremanduz ikasketa prozesuan aurrera egiten duten haurrek.

Laudio Ikastola 50. urtebetetzeko ospakizunen antolakuntzan dabil buru-belarri. Ikasle ohiak eta etorkizuneko ikasleak izango dira ospakizuneko protagonistak. Irantzu Albinarrate eta Urko Belasko ikasle ziren Ikastolak 25 urte bete zituenean eta, aurten, guraso bezala biziko dute 50. urteurrena, Miren Urquijok eta Arkaitz Gastakak bezala. Asko dira urte luzez pilatutako oroitzapenak: Aratusteetako mozorroak, Gabonetako dantzaldiak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, ikasbidairako dirua biltzeko egindako lanak...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide