Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragan urtarrilaren 17an (astelehena) abiatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpekoetan 2022-2023 ikasturterako Haur-Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrematrikulatzeko epea. Egutegi komuna da EAEko ikastetxe guztietarako, eta matrikulazio epea urtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Behin epe hori agortuta, martxoaren 8tik 15era bitarte argitaratuko dituzte behin behineko zerrendak, eta erreklamazioak egiteko epea martxoaren 15era arte luzatuko da. Behin betiko zerrendak martxoaren 22an eta apirilaren 22a bitarte argitaratuko dira, hauei errekurtsoa aurkezteko epea apirilaren 22ra arte luzatuko delarik. Itxarote zerrenden iraunaldia irailaren 16an agortuko da. Ohikoan bezala bi bide egongo dira eskabidea egiteko: Internet bidez urtarrilaren 28ko gauerdira arte, edo aurrez aurre aukeratutako lehenengo ikastetxean, bertako idazkaritza ordutegiaren barruan. Eskatzaile bakoitzak gehienez 12 aukera egin ahalko ditu, lehentasunaren araberako hurrenkeran, eta horrekin batera hizkuntza eredua hautatu beharko du.