Zer ikasi duzue eta zergatik aukeratu zenuten arlo hori?
Nerea Apodaka: Arte Ederrak ikasi nuen Artea nere pasioa zelako, baita mundua ulertzeko modua ere.
Besaide Astobiza: Batxilergoa bukatzerakoan psikologia ikastea erabaki nuen. Egia esanda, ez daukat oso argi zergatik erabaki nuen bide honetatik jotzea, beharbada bizitzako egoera desberdinek bideratu ninduten arlo honetara, hala ere, erabaki egokia hartu nuelakoan nago.
Institutuko garaitik, zein da gehien baloratzen duzuen bizi izandako esperientzietatik?
N.A.: Irakasleekin eta ikasketa kideekin partekatutako esperientziak: momentuak, barreak, ikaskuntzak, zailtasunak, denborapasak, elkarrizketak, ideien eta kezken trukeak, hainbeste oroitzapenak azkenean.
B.A.: Zalantzarik gabe gela kideen artean izan genuen harremana, batez ere bigarren batxilergoan taldetxo bat sortu genuen, urte horrek duen presioa jasatzeko babes izan zena. Gelakideekin batera, hainbat irakasleek ere bidean aurrera egiten lagundu ziguten ahal den neurrian egoerari garrantzia kendu.
“Bizitzako arlo ezberdinen oreka mantentzea ezinbestekoa da”
Ikasketa horiek oinarri egokiak izan dira unibertsitateko ikasketak aurrera eramateko?
B.A: Nire kasuan, psikologiako graduko lehen urtea oso orokorra denez batxilergoan sortutako oinarria oso lagungarria egin zitzaidan, biologiako oinarria, esate baterako. Hala ere, uste dut, hezkuntza sisteman hainbat aldaketa eman beharko liratezkela ikasketa prozesuan gaitasun ezberdinak lantzeko eta logika analitiko batetik haratago ikasteko metodoak landu ahal izateko.
N.A.: Dudarik gabe ezinbesteko oinarriak izan dira. Denbora asko aurreztu didate unibertsitatean, baita erraztu ere.
Alde handia sumatu zenuten institututik fakultatera?
B.A.: Ezetz esango nuke, baina uste dut hori pertsona batetik bestera zein ikasketa batzuetatik beste batzuetara oso aldakorra izan daitekeela. Nire kasuan gurasoak txikitatik arduratu izan dira ahal den neurrian autodidakta izan nadin eta uste dut horrek erreztasunak eman dizkidala ikasketen arloan.
Zeintzuk dira zuen asmoak lan munduari begira?
B.A: Momentuz masterren bat egitea falta zait, eta orain bai ez daukadala oso argi norantza jo nahi dudan. Baina argi daukat etorkizun baten psikologa modura lan egin nahi dudala, horretarako ikasten bait nabil, nahiz ta egun arlo horren lana aurkitzea oso zaila den.
“Ez imitatu, ez hartu aldez aurretik bide erraza dirudiena”
Zein aholku emango zeniekete Batxilergoa ikasten daudenei?
N.A.: Aukera dezatela haien gustuetara hurbilenik dauden ikasgaiak (derrigorrezkoak nola hautaketa irakasgaiak) eta batxilergo mota. Ez imitatu, ez hartu aldez aurretik bide erraza dirudiena, norberen gustuetan eta gaitasunetan konfiantza eukitea beraien benetazko pertsonalitate berezi bitxia pixkanaka pixkanaka garatzeko.
B.A.: Akatsak egitea naturala eta ohikoa dela, balitekeela lehengoan zer ikasi nahi duten horretan ez asmatzea, goi mailako graduak zein unibertsitateko graduak idealizatuta izan ohi ditugula eta normala dela hasiera batean ikasten gabiltzana gustoko ez izatea. Bestalde, esan nahiko nien batxilergoa presiodun urteak badira ere ezin dutela ahaztu ikasketetatik kanpo norbera ere badela eta bizitzako arlo ezberdinen oreka mantentzea ezinbestekoa dela.