AEK dagoeneko hasi da ikasturte berria prestatzeko lanetan eta erakundearen helburu nagusia "jende gehiagorengana" iristea da. Hala, euskaltegietan aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, online ikastaroak eta jardun biko eredua ere eskainiko dituzte. Horrekin batera, urte osoan irekiko dute Foruko barnetegia.
Datu onak 2021-2022 ikasturtean
AEK-ko ordezkariak "oso pozik" daude aurtengo ikasturtearekin. Batetik, pandemiaren eragina euskaltegietatik "guztiz desagertzen" ari delako, eta, bestetik, aurten "aurreko ikasturtean baino %5 ikasle gehiago" matrikulatu direlako euskara-ikastaroetan.
Aurretiko izen-ematea
Matrikulazioa webgunearen bidez nahiz AEKren edozein euskaltegietan egin daiteke –100 euskaltegitik gora daude Euskal Herrian–. Informazio gehiago aek.eus-en.
