Bi kluben artean indarrak batu dituzue, kirol diziplina ezberdinak jorratu arren. Nola sortu zen horretarako aukera?
Pandemia garaian elkartu ginen Laudioko kirolgune guztiak, neurri murriztaileen aurrean nola jokatu pentsatzeko. Nire kasuan, leku gehiago behar nuen, eta Gorobel Crossfiteko kideek ere bazuten espazioa handitzeko nahia.
Elkarren artean hitz egiten hasi ginen orduan, eta hainbat puntu komun topatu genituen. Horren ondorioz, Gorobelek bere alboko pabilioia hartu du, eta gu arituko gara bertan. Hilabete honetan ekin diogu hainbat kirol eta ikastaro berri sartzeari, eta irailean jarriko gara martxan.
Bi kirol kluben batura izango da, beraz?
Gutxi gora behera bai. Gorobelen markapean egingo dira gauza guztiak: crossfita, kick-boxinga (Hajime kirol klubarekin) eta traila. Azken kirol hori ere eskaintzea pentsatu dugu Aiaraldean hainbat pertsonek praktikatzen dutelako, eta klub moduan aritu nahi dutelako, entrenatzeko eta prestakuntza fisikoa egiteko lasterketen aurretik.
Horrez gain, ateak irekita ditugu beste edozein kirolentzat. Badago lekua, pabilioiak bi solairu dituelako.
"Ateak irekita ditugu beste edozein kirolentzat. Badago lekua, pabilioiak bi solairu dituelako
Nola funtzionatuko du egitasmo berriak?
Kick boxingak eta crossfitak modu autonomoan funtzionatuko dute, bakoitzak bere kuota eta dinamikarekin. Baina egongo dira kuota bereziak ere, bi jarduerak praktikatu nahi dituztenentzat.
Prezio eta ordutegi nahiko onak atondu ditugu. Horrez gain, ordu libreak ere egongo dira, klaseetara bertaratu ezin daitekeen jendeak ere izan dezan entrenatzeko aukera.
Ordu horietan ez da begiralerik egongo, baina entrenatzeko jarraibideak emango dira.
Ze azpiegitura izango ditu pabilioi berriak?
'Tologorri' izena jarri diogu espazio berriari. Hasieran beheko solairua baino ez dugu erabiliko. Bigarren solairua diafanoa da, baina badugu erabiltzeko asmoa, jardueretara jende asko batuz gero. 110 metro karratu baliatuko ditugu kirol bakoitzerako.
Kick boxinga egongo da alde batetik eta, bestetik, Crossfita, eta horren barruan hainbat jarduera: kardioa, zirkuituak, ORC (oztopoen lasterketak)…
Irailean irekiko dituzue ateak, orduan?
Abuztuan ere egingo dira ekintzak. Ordu libre batzuk egongo dira. Baina kick boxinga irailetik aurrera jarriko dugu abian. Orduan emango diogu hasiera proiektu osoari.
"Crossfita, kick-boxinga eta traila eskainiko ditugu"
Zer egin behar da egitasmora batu eta azpiegiturez gozatzeko?
Gorobelen izena eman behar da. Doako klaseak egiten ari gara egunotan. Crossfiteko eta kickboxingo jendea egongo da saio horietan, bi familia bateratzeko. Kanpoko jendea ere bertaratu daiteke saio horietara. Pertsona orori zabaldutako proiektua da.
Jende asko dago oraindik kontaktu kirolak agresibitatearekin lotzen duena, eta ni hasieratik daramat hori jendearen burutik kentzen, ez delako errealitatea.
Gauza bat da lehiatzea eta beste bat praktikatzea. Edonork praktikatu dezake kick boxinga, pertsona bakoitzak bere erritmoa jartzen duelako. Kirolariak gara, eta jende orori irekita gaude.