Zerk bultzatu zaitu Izan Amurrioko gidaritza hartzera?
Proposatu zidatenean zalantza ugari nituen. Ez nuen nire burua Amurrioko saltoki, ostalari eta zerbitzu guztien presidente moduan ikusten, baina erronka moduan hartu nuen. Ni mertakari moduan askotan kexatu naiz gauza nahikoak egiten ez direla esanez. Horregatik, bertan egoteko modu bat bezala hartu dut, gauzak barrutik ikusteko eta zer eta zergatik egiten den jakiteko, eta noraino iritsi daitekeen aztertzeko.
Belaunaldi aldaketa bat ere beharrezkoa zen elkartean. Jon Aspuruk urte asko zeramatzan lehendakari moduan, eta bazen unea beste norbaitek lekukoa hartzeko. Pertsona gazteago bat izatea, emakumea… hainbat gauza pilatu ziren, eta erronka onartu nuen.
Hilabete batzuk daramatzazu karguan. Aldatu da Izan Amurriorekiko zenuen ikuspuntua?
Bai. Kanpotik ikusita pentsatu daiteke ez direla gauza nahikoak egiten, baina barrutik ikusita konturatzen zara nahikotxo egiten dela dauden baliabideak kontuan hartuta. Etengabeko lana da. Elkarte bat da, ez dago irabazirik, sartzen den diru oro bideratzen da proiektuak garatzera. Oso ondo neurtuta dago dena ahalik eta kanpaina eta ekimen gehien aurrera ateratzeko.
Zer nolako jarduna izan du Izan Amurriok aurten?
Urte osoan zehar izan ditugu ekintzak. Carrusela hainbat zatitan banatu dugu, hilabete guztietan egon zitezen sariak, adin guztietarako. Horrez gain, Pasarela berreskuratu dugu, albo batera utzita genuela. Tabernekin geroz eta kanpaina gehiago egin ditugu baita. Izan Amurrion ez dira saltokiak soilik sartzen, baita hostalaritza eta zerbitzuak ere.
Asko aldatu dira kontsumo ohiturak azken urteetan?
Bai. Orain geroz eta gehiago erabiltzen dugu Internet erosketak egiteko. Batzuetan uste dugu herrian gauzak erostea garestiagoa dela, baina ez da guztiz erreala, kalitatea ere hartu behar delako kontuan. Prezioagatik baino, beheralakotasunagatik jotzen dugu Internetera, gauzak egun batetik bestera nahi ditugulako. Beheko dendara baldin bazoaz, aldiz, agian ez duzu nahi duzuna biharko izango, baina bai etzirako. Erosoak bilakatu gara.
Hala ere, esango nuke jendeak garatu duela tokiko merkataritzaren aldeko kontzientzia. Saiatzen dira dirua herria uzten. Merkataria, azken finean, zure bizilaguna da, egunero topatzen duzuna kalean , eta denak bat izan beharko ginateke.
"Tokiko dendetan kontsumitzea ez da hautu hutsa, ekonomia zirkularra sustatzeko balio du, dirua herrian geratzeko, azken finean, eta guregana itzuli dadin. Kate bat da"
Gabonak ate joka ditugu. Zer mezu zabaldu nahiko zenuke?
Gabonetako kanpaina zaila da beti. Batzuetan uste dugu hiri handi batean gauza gehiago topatuko ditugula, herrian dagoena begiratu gabe. Gauzak hala, nik jendea gonbidatuko nuke herriko establezimenduetatik pasatzera, seguraski topatuko dutelako bilatzen ari diren hori.
Eta datorren urtera begira, zeintzuk dira Izan Amurrioren erronkak?
Kanpainekin jarraitu nahi dugu. Herritarrak zer nahi dute entzungo dugu, merkatari zein bezeroei laguntzeko.
Zergatik da garrantzitsua Izan Amurrio bezalako elkarte bateko kidea izatea?
Bazkide asko gara, baina gehiago izan beharko ginateke. Komunitate bat gara, elkar lagundu behar gara, arazoei elkarrekin egin behar diegu aurre… berdin du bakoitzaren negozioa zein den. Helduleku bat da, eta batasunak indarra egiten du beti. Geroz eta gehiago izatea ona da guretzat eta herriarentzat eta gure bezeroentzat.
Zer da tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egin beharko litzatekeena?
Instituzioen laguntzak ondo datos, baina kontzientziazioan jarri behar dugu indarra. Instituzio publikoek sustatu beharko lukete kontzientziazioa hori, goitik. Tokiko dendetan kontsumitzea ez da hautu hutsa, ekonomia zirkularra sustatzeko balio du, dirua herrian geratzeko, azken finean, eta guregana itzuli dadin. Kate bat da.