50 urte bete berri ditu Ikastolak, urte luzetako eskarmentu horretan nolakoa izan da haur hezkuntzan jorratutako ibilbidea?
Izaskun Burdain: Hiru, lau eta bost urteko haurrekin hasi genuen gure ibilbidea, Jose Arrue kaleko txaletean. Ni 1980ko hamarkadan hasi nintzen lanean, gaur egun 3-6 zikloak hartzen dituen eraikinean. Orduko hartan Lamuza Eskolako haur hezkuntzako ikasleekin elkarbanatzen genuen espazioa; gu eraikin batean eta eskola publikokoak bestean. Hartara, eskolako B ereduko ikasle eta irakasleekin konpartitzen genuen gure egunerokoa harik eta Lamuza Eskolako ikasle kopurua txikitu eta euren Haur Hezkuntza lerroa eskolara eraman zuten arte. Une horretan, hutsik geratu zen erakina, eta Ikastola hura eskuratzeko lanetan hasi zen, Haur Hezkuntza etapa handitzeko asmoz.
Aldi berean, Ikastoletan bi urteko gelak zabaltzen hasi ziren. Gure Ikastola izan zen hori egiten lehenengotariko bat, Iñaki Mendigurenen ahaleginari esker. Oraindik ez genuenez Laudio Txikiko bigarren erakina lortu, Lamuza Parkeko lokaletara eraman genuen bi urteko gela, 1991n.
Izaskun Goitia: Lamuza Parkean geundela hiru gela izatera ere iritsi ginen, eta lokal berri bat alokatu behar izan genuen. 2002an Laudio Txikiko bigarren eraikina lortuta genuela gora ekarri genuen bi urteko gela, 2000. urtean jaiotako ikasleekin.
Izaskun Burdain: Iritsi berritan 0-3 zikloa antolatzeko lanetan hasi ginen, eta erakinean egindako lehenengo obra gauzatu genuen. Ez genekien asko adin tarte horren inguruan, baina, ausartu egin ginen, geroztik aurrerapauso itzelak eman ditugu, atzean utzitako urte guztien eskarmentuari esker, batez ere.
“0 urtetatik hasi eta 18 urtera arte luzatzen den hezkuntza-prozesua da Ikastolakoa, eta Laudio Txikik pisu handia du bertan”
0-3 zikloarekin hasi zinetenetik gaurdaino Haur Hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dituzuela azaldu duzue. Zeintzuk dira aldaketa sakon horiek?
Izaskun Burdain: Haurren neurogarapenaren ikerketak aurrerapen ikaragarria egin du azken urteetan. Azken hamarkadan hezkuntza mailan aldaketa handia gertatu da, lehen ez genekizkien gauza pilo dakizkigu orain, eta guzti hori gure hezkuntza-programan txertatu dugu.
Saray Muñoz: Asko aldatu da umeekin egoteko eta hauek ikusteko modua; gure begirada guztiz aldatu da. Etengabeko eraldaketan murgilduta jarraitzen dugu oraindik ere. Izan ere, formazio berri bat jaso dugu duela gutxi neurogarapenak eta mugimendu fisikoak duen eraginaren inguruan. Hori oinarritzat hartuta, eraldaketa asko eta asko egin ditugu.
Lehen irakasleok ginen heziketa prozesuaren zentroa, eta sinetsita geunden gure eginbeharra zela haurrei gauzak irakatsi eta eginaraztea. Uste genuen bakarrik, ikasten zutela guk irakatsitakoa, ez zirela euren kabuz ikasteko gai. Ez hori bakarrik gure eskaintza ere, estimuluz beteta zegoen; geroz eta kolore gehiago, geroz eta jostailu gehiago… haurrak gure atzetik zetozen zerbait ziren, ez ziren benetan heziketa prozesuaren zentroa. Hori irauli egin dugu.
Izaskun Burdain: Hausnarketa eta formazio horretatik etorri dira gainerako aldaketa guztiak; erabiltzen ditugun materialak eta espazioa bera ere asko aldatu dira. Haurren denborak eta epeak errespetatzen ikasi dugu. Mugimendu askearekin ikusi dugu hori, esaterako. Haurrak gai dira ibili arteko prozesua euren kabuz egiteko, aukerak eman behar zaizkie bakarrik. Espazioari eta materialari erreparatuz soilik haurren mugimendua sustatu dezakegu.
Izaskun Goitia: Oso gutxira eraldaketa beharrak Haur Hezkuntzako bigarren ziklora egin zuen jauzi, eta formakuntzan sakontzen jarraitu genuen. Aldaketa horien adibide nabarmenetako bat da espazio irekien erabilera. Ohituta geunden gela itxietan lan egitera, bakoitza bere programazioarekin, hori zeharo aldatu da, ikasgeletako ateak zabalik daude beti, askoz dinamikoagoa da dena.
Nolako laguntza eskaini du Ikastolak eraldaketa prozesu guzti horretan?
Izaskun Burdain: Ezinbestekoa izan da Laudio Ikastolak zein Ikastolen Elkarteak eskainitako babesa. Gurekin batera, Aresketa eta Etxaurren Ikastoletan ere bi urteko lerroarekin hasi ziren. Hasieran uste genuen hiru urteko gelaren oso antzekoa izango zela, baina azkar jabetu ginen ezetz. Iñaki Mendigureni esker lortu genuen hiru Ikastoletako irakasleak hilabetean behin elkartzea, eta guretzat berria zen horri elkarrekin aurre egitea. Oso garai politak izan ziren. 0-1 urtekoekin hasi ginenean ere itsu hasi genuen ibilbidea, eta beste hainbeste Ikastola bisitatu genituen, bertako proiektuak ezagutzeko.
Familiek ere parte hartze handia dute hezkuntza prozesuan, ezta?
Izaskun Goitia: Hezkuntza-prozesuko parte aktibo dira familiak. Asko tematzen gara gurasoekin konpartitzen Haur Hezkuntzan garatzen diren prozesu desberdinak. Etengabe ari gara familiekin hezkuntza-proiektua azaltzen, komunikazio zuzena da gurea.
Saray Muñoz: Hemen lantzen dugunak isla du familiengan, bizitzarako pedagogia da hemen lantzen duguna. Etxekotze prozesuan, esaterako, denbora asko igarotzen dugu familiekin, gauza asko konpartitzen ditugu. Familiek euren beldurrak transmititzen dizkigute, euren barrenak askatzen dituzte, eta irakasle-guraso lotura asko estutzen da. Lasaitasuna ematen diegu familiei.
Nola integratzen da haur hezkuntza Ikastolako hezkuntza-prozesu guztiarekin?
Izaskun Burdain: 0 urtetatik hasi eta 18 urtera arte luzatzen den hezkuntza-prozesua da Ikastolakoa, eta Laudio Txikik pisu handia du bertan; izan ere, Haur Hezkuntzan ezartzen dira ibilbide akademikoaren oinarriak.
Asko egin dugu lan pedagogiak berebiziko garrantzia izan zezan Haur Hezkuntzan. Ez dugu Laudio Txiki haurtzaindegi bat bezala ikusia izatea nahi. Noski gure alorrik inportanteena haurren zaintza dela, baina beste ikuspuntu bat txertatu nahi diogu, oinarri pedagokiko bat dago atzean.
Izaskun Goitia: Uste dut hori izan dela eraldaketarik sakonena, 0-6 etapa hezkuntza-proiektuaren parte dela aitortzea eta egikaritzea. Haur Hezkuntza ez da burbuila isolatu bat.
Saray Muñoz: Bi ziklotan banatuta dago Haur Hezkuntza, baina batetik besterako trantsizioa asko zaintzen dugu; Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako urratsa zaintzen dugun modu berean. Zikloen barruan ere jakitun gara beharrak desberdinak direla adin bakoitzean, hor jarri dugu erronka orain.