Batxilergoko eta Lanbide Heziketako matrikulazio kanpaina abiatzear da. Zein da Zaraobe Institutuak mahaigainean jarriko duen eskaintza?
Lanbide Heziketan azken urteetako eskaintzarekin jarraituko dugu. Gizarteratzea goi mailako zikloko lehenengo promozioak aurten amaituko du, eta ziklo hori indartzen jarraitu nahi dugu. Oso arrakastatsua izan da lehenengo promozio hau. Alde batetik, ikasleen harreragatik; 25 ikasle matrikulatu dira, topera egon da. Baina, baita ere, eta niretzat oso garrantzitsua da hau, ikastetxeari eman dion giroagatik; ikasle eta irakasleen profilengatik dinamika oso interesgarriak sortu dituzte institutuan, eta giroa aparta izan da.
Mekatronika goi mailako zikloa ere eskainiko dugu, industriara zuzendua. Erdi mailako zikloetan, aldiz, mekanizatua eta mantentze elektromekanikoa eskainiko ditugu arlo industrialari begira; baita behar bereziak dituzten pertsonentzako arreta zikloaere . Bi adar sortzen ditugu horrela erdi mailako zikloetatik goi mailako zikloetara doazenak.
Oinarrizko Lanbide Heziketan aurten oso talde ona izan dugu Zurgintza eta altzairugintza zikloan. Datorren urterako planteatu zaigu mekanizazioan ziklo berri bat irekitzea, maila honetan. Hezkuntza Lege Berriarekin oinarrizko lanbide heziketako ikasleek DBHko titulua ere eskuratzen dute. Hori abantaila bat da Lanbide Heziketarako. Beste ikasketa batzuekin alderatuta (EPA bat esaterako) Bigarren hezkuntzako titulua ez ezik profesionalizazio maila bat ere eskuratzen baitu ikasleak. Hezkuntza Sailetik Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak bultzatu nahi ditu, hori helarazi digute.
Batxilergo arloan, eskaintza berritzen jarraituko duzue.
Batxilergo Zinetifiko-Teknologikoari eta Gizarte Batxilergoari Batxilergo Orokorra izeneko adarra eskaini genuen iaz lehenengo aldiz. Batxilergo Orokorra erdi bideko eredu misto bat da, Goi Mailako Lanbide Heziketara begira dagoena. Hastapenetan gaude oraindik, Aiaraldean gu gara Batxilergo mota hau eskaintzen duen zentro bakarra.
Aurten ikasgai berriak gehituko ditugu, orain arte eskaini ez direnak. Batxilergoko lehenengo mailan Zuzenbidea eta Antropologia-soziala eskainiko ditugu. Irakasgai berriak izango dira, ikasleen erantzunaren zain gaude, ea eskaintza gogoko duten.
Zaraobe Institutuak harreman estua mantentzen du Amurrioko eta Aiaraldeko ehun sozial eta ekonomikoarekin.
Eskualdeko sektore askorentzat erreferente gara, eta horretan jartzen dugu gure ahalegina. Eta guk inguruarekin ahalik eta harreman estuena izaten saiatzen gara: eskualdeko ikastetxeekin, udalekin, enplegu-zerbitzuekin, enpresekin… Gure esparruak dena hartzen du.
Eskualdetik haratago ere, kanpoko harremanak asko zaintzen ditugu Zaraoben. Europako hainbat ikastetxerekin elkarlanean aritzen gara. Erasmus programaren bidez, esaterako, ikasle eta irakasle asko bidaltzen ditugu atzerrira. Une honetan Frantziako lau ikasle ditugu Aldundiko egoitzetan lan egiten, Dinamarkako ikasleak izan ditugu duela gutxira arte. DBHko ikasleak Frantziako Lezignan herriko Ernest Ferroul ikastetxean izan dira berriki.
Proiektu ugari garatu dituzue ikasleekin. Horietako batzuk zerrendatuko?
Teknologia aldetik bi proiektu interesgarri ditugu eskuartean. Bat da mekanizazio tailerrak tailer inteligente bihurtzeko prozesua da; ikerketak eta eguneraketak egin ditugu aldaketa hori gauzatzeko.
Bestalde, hastapenetan gaude oraindik, baina oso proiektu erakargarri eta polita da ikastetxean daukagun pisu batean garatzen ari garen etxebizitza inteligente eta domotizatu bat sortzeko prozesua. Behar bereziak dituzten pertsonentzako etxebizitza da honakoa. Espazioa ikasleentzako laborategi gisa irudikatzen dugu, non ikastetxean ditugun goi mailako bi espezialitateek bat egingo duten.
Zeintzuk dira datozen urteetarako esku artean dituzuen erronka nagusiak?
Esango nuke erronka nagusia eraldaketa metodologikoan sakontzea dela: intermodularki lan egitea, konpetentziak lantzea… DBH eta Batxilergoan ekin behar diogu horri bereziki, hezkuntza mailan legedian planteatzen diren eraldaketa hauei aurre hartzen.
Guztiontzako ikastetxe bat izatea nahi dugu. Zaraoberen eskaintza oso zabala da, eta kabida eman nahi diegu ikasle guztiei. Uste dut hezkuntza sistema ikasleetara egokitu behar dela.
Ikastetxearen internalizazioan sakontzen jarraituko dugu ere. Lanbide Heziketan nahiko garatua dugu alor hau, eta ehundik gora ikasle joan dira atzerrira ikastera. Orain, batez ere gustatuko litzaiguke Erasmus programa Batxilergoan eta DBHn gehiago zabaltzea. Zaraobeko filosofia beti izan da atzerrira joan nahi izan duen eta merezi duen ikasle orori aukera hori eskaintzea. Horretarako, gure proiektu propioak garatu ditugu.
Datorren ikasturterako Polonia, Frantzia, Alemania eta Belgikako ikastetxeekin gaude harremanetan ikasle eta irakasleen mugikortasun programak garatzeko.