BABESTUTAKO EDUKIA

'Euskararen Lorategia' erakusketa, euskararen aniztasunaz jabetzeko

Bilboko San Inazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean dagoen EIZ Euskararen Interpretazio Zentroa berritu da aurten. Horrekin batera, zentroari lotutako eta ikasleei zuzendutako Eskola Programa ere berritu da; hain justu, Eskola Programa horretan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collag-ekin osatu da Euskararen Etxean ikusi daitekeen Euskararen Lorategia erakusketa koloretsua eta irudimentsua.

Eskola Programan EIZko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira. Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera bat da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.

Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: "Lorategi batean daude hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu –euskaldunok– gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du".

Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez.

Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte.

Horiek horrela, eta emaitzaren kalitateaz jabetu ondotik, Euskararen Etxeak Euskararen Lorategia erakusketa abiatu du, zeina Euskararen Etxean paratuta egongo den ekainaren 12tik uztailaren 15era bitarte.

Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide