Ezkondu zirenekoa egun ahaztezina izan zen June Iturriaga Elexpuru eta Eleder Santamaria Valinentzat, baina are ahaztezinagoa bihurtu zen Hotel Orduña Plazari esker. Areatzakoak izan arren, Junek eta Elederrek Urduñako bainuetxea hautatu zuten euren jaia ospatzeko, eta ez ziren damutu. “Argi genuen jende asko etorriko zela eta hibrido bat egin nahi genuela, ez genuen 8 platereko menu tradizional bat egin nahi”, azaldu du Junek, “oso parrandazaleak gara. Ez genuen nahi jendea mahaian eserita geratzea besteekin hitz egin gabe, mugimendua ahalbidetuko zuen ospakizun bat antolatu nahi genuen”.
Gauzak hala, Ikerrengana jo zuten, Hotel Orduña Plazako kudeatzailearengana, eta berak proposatu zien ospakizuna bertan egitea, eskaintzen dituen espazio eta zerbitzuak euren beharrizan eta ideietara primeran egokitzen zirela iritzita.
Esan eta egin. Uztailaren 1ean egin zuten ezkontza, 207 gonbidaturekin. Jende kopuru hori kontuan hartuta, hotel guztia erreserbatu zuten, asteburu osorako.
13:00etan bildu ziren zeremonia egiteko, Andra Mari elizaren kanpoaldean. Argazki-sesioa egin ostean, hotelera mugitu ziren, lehen mokadu maratoiaz gozatzera. “21 kanapedun koktel bat antolatu ziguten, hainbat txokotan banatuta”, azaldu du Junek, “ostren txoko bat izan genuen, arroz eta fideuarena...”. Nabarmendu dutenez, “gustu guztietarako mokaduak” prestatu zizkieten. Ondoren, 16:15ak aldera, goiko solairura igo ziren, bazkariaz gozatzeko.
Gaupasa eta biharamuna
Bazkariko hiru platerrekin eta osteko postrearekin, plana berandutu egin zitzaien ezkonberriei, eta tarta behera jaitsi zuten gero, bertan jateko. DJa, jaia eta barra librea zituzten zain, eta gaueko hamabiak arte egon ziren bertan. “Hotel guztia bete genuenez, ez ziren zorrotzak izan ordutegiaren. Ondoren, Ikerrek hiriko taberna baten kontaktua pasa zigun, eta bertan jarraitu genuen parranda”.
Bueltarako autobusa antolatu zuten gonbidatuentzat, baina 10 pertsona baino ez ziren igo. Gainontzekoak hotelean geratu ziren lotan. Izan ere, biharamunean ere ekintza batzuk zituzten zain. “Gaua luzatu genuenez, gosaria beranduago egiteko aukera eskaini ziguten. 10:30etatik 12:00etara bitartean gosaldu genuen guztiek batera, eta bertsioak jotzen zituen talde baten emanaldia ere izan genuen, barruko patioan”, azaldu du Junek.
“Wedding planner bat izatea bezalakoa izan da, baina wedding planner bat ordaindu gabe”
Eskerrak
Modu horretan eman zuten ezkontza amaitutzat. Ordutik hona, esker onak baino ez daude June eta Elederren ahoetan: “Oso eskertuta gaude biak. Jendeak dio ezkontza bat antolatzea buruko mina dela, estresa, nekea… baina ez. Eskutik eraman gaituzte, oso erraza izan da erabakiak hartzea”.
Izan ere, ezkontza osoa planifikatzen lagundu diete Hotel Orduña Plazako kideek, lotu gabe zeuden gauzez arduratuz eta lan-zama nabarmen arinduz. Jaia luzatzeko taberna, argazkilaria, DJa, dekorazioa… gauza asko hartu dituzte euren gain hoteleko kideek. Argi dio Junek: “Wedding planner (ezkontza planifikatzaile pertsonal) bat izatea bezalakoa izan da, baina wedding planner bat ordaindu gabe. Sekulako laguntza eman digute, aurreikusiak genituenak baino gauza gehiago egin ditugu beraiek hor egon direlako”.
Izandako malgutasuna ere jarri du balioan Junek, menuen aldetik, batez ere. “Beti dago intolerantziaren bat zeukan jendea, edo gauzaren bat gustuko ez duena; eta hoteletik ez digute inolako trabarik jarri nahibeste aldaketa egiteko. Oso erraza izan da prozesua”.
Bukatzeko, egunean bertan jasotako tratua ere goraipatu dute ezkonberriek: “egunean bertan langile guztiek izan zuten jarrera ere eskertzekoa iruditu zitzaigun oso. Irribarretsu, gogotsu eta disfrutatzen ikusi genituen eta horrek guk gehiago disfrutatzea ahalbidetu zuen”.