Bola-jokoa modalitate asko dituen kirol autoktonoa da. Aranzadiren arabera, zelta jatorriko jokoa da eta aurreko mendeko bigarren partean indarra galduz joan zen, eskualde askotan guztiz galtzeraino. Jatorriz, bola-jokorako espresuki egindako eraikina da Arrankudigako bolalekua, erremonte eta muna modalitatekoa, buztinezko zorua duena eta bertan jokatzeko helduleku edo eskuzulo-bola esferikoa eta hamar txirlo (bederatzi handi eta txiki bat) erabiltzen dira. Bola jaurti eta horretarako prestaturik dagoen gune baten jarrita dauden txirloak eraistea da jokoaren helburua. Bizkaiko Hego Uribe, Arratia eta Durangaldeko bolalekuak modalitate berekoak dira eta antzekotasun handia dute Arabako Aiaraldekoekin. Nahiz eta hauetan zorua zurezkoa izan eta ez izan munarik, puntuazio-arauak, bolak eta txirloak berdintsuak dira. Hain zuzen ere, aipatutako eskualde guztiotatik bolari ugari etortzen da Arrankudiagan antolatzen diren tiraldietan parte hartzera, Aiaraldetik batez ere.
Arrankudiagan bola-jokoa garai baten galtzeko bidean egon ondoren, bolazale taldetxo baten etengabeko lan isil eta kementsuari esker, laurogeiko hamarkadatik aurrera berriro indarra hartzen hasi zen. Azken hamarkadotan, bolazaleen belaunaldi berri bat ari da aurrekoen lekukoa hartu eta bola-jokoa herrian sustatzen. Hasiera jaurtialdiak jaietan, gabonetan eta une puntualetan antolatzen baziren ere, gaur egun maiztasun handiz jokatzen da; aurten adibidez, negu osoan zehar burutu da bola txapelketa arrakastatsua.
Aurtengo neguko txapelketan burutu diren zortzi jardunaldietan emakumezkoen parte-hartzea %25,9koa izan da eta agerian gelditu da bola-jokoa emakumeen artean izaten ari den gorakada nabarmena
Bola-jokoa tradizioz gizonezkoen jarduera izan arren, Arrankudiagan azken urteotan ohikoa izan da emakumeen parte hartzea. Aurtengo neguko txapelketan burutu diren zortzi jardunaldietan emakumezkoen parte-hartzea %25,9koa izan da eta agerian gelditu da bola-jokoa emakumeen artean izaten ari den gorakada nabarmena. Helduentzako tiraldiekin batera harrera oso ona izaten duten umeentzako tiraldiak antolatzen dira beti, beraz, belaunaldi erreleboa bermatzen ari da.
Baina, bolalekuak egiturazko hainbat arazo zituen eta bola-jokoaren susperraldia eta jokoaren beraren eta eraikinaren balio etno-kulturala ikusita, bolalekuaren osoko eraberritzea egitea erabaki zuen Arrankudiaga-Zolloko Udalak urte honen hasieran. Proiektua herriko bolazaleekin partekatu eta adostuta burutu zen eta ekainean egin zen obraren lizitazioa eta esleipena 123.964,50 euroko aurrekontuarekin. Obrak oso aurreratuta daude: teilatua, zurezko egitura, arotzeria instalazio elektrikoa eta argiteria guztiz berriak izango dira, alde bateko horma jaitsi egingo da kanpotik ikusi ahal izateko barruko jokoa eta, irisgarritasuna hobetze aldera, bi ate nagusi jarriko dira egungo ate bakarraren ordez. Gabonetarako eraberritze lanak amaitzea da helburua.
Bolalekuaren eraberritzeak jauzi kualitatibo handia ekarriko du bi norabidetan: alde batetik, berreskuratutako ondare kulturala egungo parametroetara egokitu eta etorkizunera begira jartzen da eta, bestetik, jolas eta denbora-pasa hutsa izatetik kirol-jarduera arautua izatera igaroko da bola-jokoa.