Duela hamaika urte ekin zioten El Crucero loteria administrazioa kudeatzeari Jon Iñaki Mateosek eta Ruben De Barriok. Bi kideek negozio eta lanpostu aukera ona ikusi zuten, eta gogotsu hasi ziren administrazioan lanean.
2022an Loteria Nazionaleko larunbateko zozketako sari nagusia banatu zuten. 60.000 euro banatu zuten saldutako loteria txartel bakoitzeko, hirurogeita bost txartel guztira. Bigarren sari bat ere banatu zuten. Zortea haien alde dute oraindik ere, eta duela bi aste milioi bat euroko saria banatu zioten irabazle bakarrari Euromillones zozektan.
Sari txikiagoak ere banatu dituzte adminstrazioaren kudeaketan egon diren urte hauetan guztietan: “7.000 eta 10.000 euroko sari ugari banatu ditugu ere”. Adibide bat jartzearren, iaz bost milioi euro baino gehiago banatu zituzten sarietan.
Loteriara jolasteko ohiturak berdin mantendu direla aitortu dute bi kideek. Nagusiki pertsona nagusiak dira asterokotasunean loteria erosten dutenak, baina badoaz gazteak animatuz gutxika.
Gabonetako loteria
Gabonetako loteriaren zozketaren kanpainan daude murgilduta burubelarri. Urteko sasoi honetan beti handitzen da bezero kopurua eta lan karga. Laudioko enpresa askotako loteria zenbakiak kudeatzen dituzte El Crucero administraziotik. “Jendea pozik etortzen da loteria erostera, ikusi dute sari garrantzitsuak banatu ditugula azken aldian eta horrek bezeroak animatu egiten ditu”. “Gabonetako sari potoloa banatzeko desiatzen gaude”, azpimarratu dute Mateosek eta De Barriok. “Sari inportanteak banatu ditugu, baina Gabonetakoa falta zaigu”. Ilusio berezia egiten die Gabonetako sariak, eta xanpaina hozten jarri dute honezkero: “Aukera asko dago saria jende askori egokitzeko. Hori da nahi duguna, herrian ilusioa piztea”.