BABESTUTAKO EDUKIA

Lau urtaro kanpo espazioez gozatzen

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2024ko urt. 31a, 16:00

IZASKUN BURDAIN MESTRAITUA Laudio Txikiko koordinatzailea eta SARAY MUÑOZ DOMINGUEZ, Haur Hezkuntzako ikasketa buruari elkarrizketa.

Urteak daramatzazue kale espazioak erabiltzen, zein izan da bilakaera? Zertan nabaritu duzue aldaketa? 

Pandemia aurretik kanpo espazioek haurren garapenean dituzten onuren inguruan irakurtzen eta behatzen hasi ginen. Pandemian behar bat zela ulertu genuen eta martxan jarri ginen. Ordura arte, eguraldi ona egiten zuenean soilik ateratzen ginen jolastokira (euririk ez, lurra lehor, hotzik ez…). Gure artean hausnarketa egin eta erronka berri honi aurre egitea erabaki genuen. Horrela, “lau urtaro kaleaz gozatzen” lelopean lanean hasi ginen. Egunero kalera atera behar genuela (eguzkia, euria, hotza, beroa…) eta naturak eskaintzen digunaz baliatuta gozatzeko, esperimentatzeko, ikasteko aprobetxatu beharra genuela.

Ordura arte jolastokia zen gure kanpo espazio bakarra baina aurrerantzean mendia, natura… gure kanpo espazioa izango zela adostu genuen; naturan ematen diren aldaketak, eguraldiaren arabera jantzi beharreko arropak, zomorro txikienetik, ardi, asto edo txori handienera behatuz, ikertuz, ikasiz eta gozatuz.

Familiek nola baloratzen dute esperientzia? Zein izan da familien partetik harrera?

Hasieran beldur ginen baina egia esan ikasturte hasieran familiekin egiten dugun bileran erronkaren berri eman eta familien partetik izandako harrera ona sorpresaz hartu genuen. Gurasoek gure proiektu berria gustukoa izan zuten. Handik aste batera haur gehienek mendira, gure basora, joateko arropa berezia Ikastolan zuten; xira, katiuskak…

Gaur egun Laudio Txikin era bat egonkortuta dagoen proiektu bat da.

Eta haurrek nola erantzuten dute? 

Gehienak oso pozik eta gustura ibiltzen dira. Beti egoten da baten bat naturan ibiltzeko ohiturarik ez duena, menditik ibiltzea edota zikintzea gustuko ez duena, lurraren desoreketan ibiltzea gehiago kostatzen zaiona... baina berehala, ikerlari, behatzaile, esploratzaile izugarriak bihurtzen dira. Natura kanpo laborategi bat da beraientzat. Aske bizitzeko espazioa!

Basoan egonda naturarekiko harremana hobeto barneratzen dute?

Hau da gure beste helburu nagusienetariko bat. Naturan aurkitzen ditugun animali eta elementuen zaintza. Inurri bat ikustean sarritan beraien lehen inpultsoa zapaltzea da, hori baita betidanik ikusi izan duguna, baina hori egin beharrean behatzen eta ikusten geratzen gara; bakarrik doa? Janaria darama? Modu honetan, haurra,  naturarekiko beste ardura bat eraikitzen joango da. Eta berdin zuhaitz, landare edo lurrean dagoen beste edozein elementurekin. Zuhaitzaren adarrak apurtu beharrean, jada lurrean erorita daudenekin jolastuko dute.

Urtaro ezberdinetan eta eguneroko eguraldiak naturan sortzen dituen paisaia aldaketen behaketak; horren gustukoa duten putzuari salto egitea, edo lehorte uneetan putzurik ez dagoela ohartzea, lupetza egotea edo ez, hosto ugari erortzea eta lurra hostoz estalita egotea edo ez.
Natura ikertu, behatu eta ondo pasatzeko laborategi zabala da!

Eta etorkizunari begira, zer proposatzen duzue?

Jolastokian gune berriak antolatzeko eta txokotxo berri batzuk sortzeko asmoa dugu; familien laguntzarekin eta material zein baliabide gutxirekin zeozer anitza bezain polita egin dezakegula uste dugu. 

Guneetan jolasteko eta sormena lantzeko aukera  anitzak ematen dituen material naturalen eskaintza zabaltzen jarraitu nahi dugu, gure haurrek esperientzia eta bizipen berriak izan ditzaten. Horrez gain, jolastokiari argitasuna emango genioke, berau toki erakargarriago bat bihurtuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide