BABESTUTAKO EDUKIA

"Orain inoiz baino beharrezkoagoa da Izan Amurrioko kide izatea"

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2024ko api. 9a, 17:00

Joseba Etxebarria eta Isabel Urrutia, Izan Amurrioko bazkideak. / Aiaraldea.eus

Izan Amurrioko kide diren Calzados Urrutia eta Gorobel Crossfit negozioek elkarteak dituen onurak azaldu dituzte. "Energia, pasioa eta esperientzia" dira aurrera begira sinergiak eraikitzeko dituzten osagai nagusiak.

Izan Amurrio erakusleiho erraldoia da. Horrela definitu dute Calzados Urrutiako Isabel Urrutiak eta Gorobel Crossfiteko Joseba Etxebarriak: “herriko gainerako negozioetara ez ezik, bestelako erakundeetara ere hurbiltzen zaitu”. Aholkularitza eta laguntza erabatekoa eskaintzen die negozioei Amurrioko elkarteak, are gehiago, Interneteko erosketak inoiz baino gehiago hazi diren une honetan.

Calzados Urrutia merkataritza elkartearen hastapenetan egon zen negozioa da. Santos Urrutiak eta Isabel Alonsok zabaldu zuten zapata denda 1936an, eta, belaunaldiz belaunaldi, gaur eguneraino iritsi da. Gorobel Crossfit, ordea, duela bost urte jaio zen, Laudioko industriaguneko pablioi batean. Orain, Amurriora jauzi egin eta gimnasio berri bat zabalduko dute, Reforretik gertu, kirol-esparruari dimentsio berria eskainiz.

Izan Amurrioren baitako bi negozio hauek energia, pasioa eta esperientzia irudikatzen dituzte, eta elkarlanerako duten grina herriko ekimenen mesedetan jarri nahi dute.

1984. urtean hainbat merkatarik Kultur Etxean bilera egin zuten eta Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkartea sortu zuten, Arabako Merkataritza Ganbararen laguntzaz

Izan Amurrioren historia

1970eko eta 1980 hamarkadan herriko merkatariak kalean biltzen ziren, ohiko errekaduak egiterakoan kalean elkar gurutzatzen zirenean. Bilera informal horietan adosten zuten, besteak beste, abuztuko bigarren hamabostaldian itxi edo ez, ordutegiak… Garai horretan ez zegoen aparteko iniziatibarik sustatzeko beharrik; izan ere, komertzioak ondo funtzionatzen zuen eta Amurrio erreferentea zen inguruko herrientzako ere.

Elkarteak 1984. urtean ekin zion bere bideari. Hainbat merkatarik Kultur Etxean bilera egin zuten eta, Arabako Merkataritza Ganbararen laguntzaz, Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkartea sortu zuten.

“Nire aita bertan izan zen, elkartea sortzeko lanetan”, azaldu du Calzados Urrutia saltokiko Isabel Urrutiak, “Amurrioko merkatarien interesak babestea eta komertzioa sustatzeko ekintzak garatzea ziren elkartearen helburu nagusiak. Ekimen interesgarriak egin ziren hastapen urte horietan”. Komertzio guztien artean kotxe bat erosi izana du bereziki gogoan Urrutiak; “komertzio guztien artean dirua bildu, kotxea erosi eta zozkatu egin zen”.

Urteak joan urteak etorri, beste dinamika batzuk ere garatu ziren. “Merkataritza-gune handien sorrerak eta herriko komertzioaren apaltzeak bultzatuta, bestelako ekimen batzuk garatzeko beharra jarri zuen mahaigainean: bezeroentzako erosketa txartelak, deskontuak, kanpaina bereziak… Une horretatik aurrera, beste dimentsio bat hartu zuen elkarteak, eta tekniko batek hartu zuen honen gaineko ardura, saltzaileoi laguntzeko”.

Elkartearen beharra

"Orain inoiz baino beharrezkoagoa da Izan Amurrioko kide izatea. Negozio berri bat zabaldu eta ekitera bazoaz, ezinbestekoa da. Izan Amurrio bezeroarengandik hurbil jartzen zaituen tranpolina da. Errealitate bera bizi duten beste merkatari batzuekin elkartu eta lanerako beharrezkoak diren tresna berriak martxan jartzeko aukera ematen dizu", aldarrikatu du Joseba Etxebarriak.

Horren adibide ona da Izan Amurriora batu den azken negozioa: Gorobel Crossfit. Kirol egitasmoak duela bost urte ekin zion ibilbideari Laudion, eta orain Amurrion bigarren gimnasioa zabaldu berri dute. Jauzi horretan Izan Amurriora batzea izan da egin duten lehenengo gauzetako bat. “Elkartzea funtsezkoa da", azaldu du  Etxebarriak, "Laudion hasi berriak ginela pandemiak harrapatu gintuen, eta horri esker asko ikasi genuen. Ulertu genuen negozio desberdinen artean elkartzea hil ala bizikoa zela. Gure burua puzzle handi bateko pieza bezala irudikatzen dugu, komunitate baten parte gara. Hori dela eta, APILLera batzea erabaki genuen”. Filosofia horri jarraituz, Amurriora iristerakoan Izan Amurrion batzera jo zuten zuzenean.

“Ezinbestekoa da elkartearen hastapenetako negozioen arteko harreman eta joera natural horiei eustea"

Sinergia berriak

Izan Amurrio, Apymca bere garaian, saltokiak batzeko tresna bezala sortu zen. Denborarekin, ostalaritza establezimenduak ere batu ziren elkartera, eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten negozioei ere atea ireki nahi diete orain. Bide horretan, aitzindariak dira Gorobel Crosffieteko kideak. “Laudion merkataritza elkartera batu ginenean aitzindariak izan ginen, eta gure gisako negozioak elkartera hurbiltzeko ahalegina egin dugu. Amurrion ere ahalegin berdinarekin jarraituko dugu, Izan Amurrion batzen diren negozioen aniztasuna handituz”.

Sinergia berriak eraikitzeko lanetan daude Amurrioko komertzioak: “ezinbetsekoa da elkartearen hastapenetako negozioen arteko harreman eta joera natural horiei eustea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide