BABESTUTAKO EDUKIA

“Laudio Institutuko irakasleek autonomia handia ematen ziguten, eta horrek heldutasun handia ematen dizu”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2024ko api. 15a, 13:10

JULEN ARRIAGA (Orozko, 2005) Fisika eta ingenieritza elektronikoko gradu bikoitza ikasten ari da. Laudio Institutuko ikasle ohia da, eta Hezkuntza Sailak banatzen duen Batxilergoko Sari Berezia eskuratu zuen iaz.

Zer ikasten duzu eta zergatik aukeratu zenuen arlo hori?

Fisika eta Ingenieritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko lehenengo urtean nago. Zientzia eta matematika txikitatik gustatu izan zaizkit eta, dibulgatzaile zientifiko batzuk ikusi ondoren, Fisika ikasi nahi nuela erabaki nuen. Gradu bikoitzean sartzearena erronkatzat hartu nuen sartzeko gutxieneko nota altua zelako, baina orain Ingenieritza Elektronikoa ere gustoko dudala ikusi dut. 

“Heldutasun beharrezkoa da, unibertsitatean inork ez dizulako esango ea etxerako lanak egin dituzun edo klasera joan zaren”

Institutuko garaian bizitako esperientzietatik, zein da gehien baloratzen duzuna? Zergatik?

Gehien gustatu izan zaidana irakasleekin izan dudan tratua da. Gogoratzen dut USErako errepaso klaseetan, errepasatzeaz gain, gure beldurrei buruz eta gure ikasteko plangintzari buruz hitz egiten geniela irakasleei eta haiek aholkuak ematen zizkiguten irakasle eta lagun gisa.

Esperientzia edo ikasketa horiek, zure ustez, oinarri egokiak izan dira unibertsitateko ikasketak aurrera eramateko?

Nik institutuan izan dudan sentsazioa da irakasleek orokorrean autonomia handia uzten zigutela ikasteko eta horrek heldutasuna ematen dizu. Heldutasun hau beharrezkoa da, unibertsitatean inork ez dizulako esango ea etxerako lanak egin dituzun edo klasera joan zaren, baina zuk zeuk jakin behar duzu garrantzitsua dela. Edukien inguruan, Batxilergoan zehar lantzen diren eduki gehienak ahazten zaizkizu unibertsitatera heltzen zarenean, gai gehiegi lantzen direlako denbora gutxian eta ez dago denborarik edukiak barneratzeko. Hala ere, hori hezkuntza sistemaren arazoa da, ez ikastetxeena.

Alde handia sumatu zenuen institututik fakultatera pasatzean? Zergatik?

Ezberdintasun ikaragarria dago unibertsitate eta institutuaren artean. Alde batetik, zure betiko lagunak atzean uzten dituzu, erlazio berriak egin behar dituzu, institutukoekin konparatuta klaseak erraldoiak dira (80 pertsona inguru gaude nire klasean). Eta, bestalde, lantzen diren edukiak oso ezberdinak ez diren arren, ulermen maila askoz handiagoa behar delako. Esan bezala, ez du balio bakarrik formulak aplikatzen jakitea, formulak nondik atera diren jakin behar da.

Zeintzuk dira zure asmoak lan munduari begira?

Oraindik bost urte falta zaizkit gradu bikoitza bukatzeko. Beraz, ez daukat oso argi zer egingo dudan. Hala ere, ikerketan aritzea gustatuko litzaidake betidanik izan dudalako gizartea laguntzeko grina.

Zein aholku emango zenieke orain Batxilergoa ikasten daudenei edo ikasiko dutenei?

Betikoa, gogor lan egin dezatela, saia daitezela gauzak egunean eramaten eta ez dezatela dena azkenengo momenturako utzi. Ikasteko ohitura hartzen baduzu, bizitza osorako lagungarria izango zaizu. Batxilergo osoan zehar USEren mamuak beldurtzen gaitu, baina USEko ariketak klasekoen antzekoak edo errezagoak izan ohi dira. Ez dago zertan kezkatu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide