BABESTUTAKO EDUKIA

"Egunerokoan ere erabiltzen dut Laudio Berrikusi plataforma; agenda deialdiak, lan eskaintzak edota zozketak aurkitu daitezke bertan"

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 11:30

Urriaren 18an gastatu zuen saria Sonia Fernandezek. / S.F.

SONIA FERNANDEZ MASAri egokitu zitzaion Merkataritza Festako 1.000 euroko zozketa, eta urriaren 18an gastatu zuen saria Laudioko komertzioetan. Laudio Berrikusi plataformaren onuren inguruan mintzatu da.

APILLek antolatutako “Merkataritza Festako” zozketa irabazi duzu. Zer egokitu zaizu zehazki?

1.000 euroko saria egokitu zitzaidan APILL elkarteko saltokietan gastatzeko. Urriaren 18an, egun bakarrean, gastatu behar izan nuen guztia, nahiz eta aurretik begiratua nuen zer nahi nuen zehazki. Hainbat establezimendutan gastatu behar nuen diru hori, baldintza batzuekin: komertzio batean ezin nuen 300 euro baino gehiago gastatu eta besteetan 20 eta 100 euro artean gastatu behar nituen.

Laudio Berrikusi plataformaren bidez egin zen zozketa. Zure egunerokoan erabiltzen duzun tresna da hori?

Erosketa bat egiten dudan aldiro, erosketa horren ziurtagiria igotzen dut Laudio Berrikusi plataformara. Asko dira egiten diren zozketak, eta beti dago baten bat irabazteko aukera; begira nire kasua!

Egunerokoan ere erabiltzen dut Laudio Berrikusi plataforma. Bertan eskuragarri dago herriko agenda eta merkatariek antolatutako ekintzen berri ere ematen du. Lan eskaintzak eta ikastaroak ere iragartzen dituzte, oso erabilgarria da. Nik egunero begiratzen dut.

Espero zenuen zuri egokitzea saria?

Inondik inora. Gainera, nire urtebetetze egunean jakinarazi zidaten! Deitu ninduen mutilari txantxetan ari ote zen galdetu nion (barreak).

Horrelako ekimenek tokiko-komertzioa sustatzea dute helburu. Zuk zer garrantzia ematen diozu horri?

Horrelakoak oso ondo daudela deritzot. Gainera, nik asko kontsumitzen dut tokiko dendetan; Laudion, Amurrion edota inguruko beste edozein herritan.

Herriko saltokiek gure laguntza behar dute. Geroz eta gehiago gailentzen ari dira beste kontsumo eredu batzuk, eta min handia egiten die horrek gure gertuko komertzioei. Ulertzen dut jende askorentzat erosoagoa izatea Internet bidez erostea, baina nik herrian bertan erosten dut ahal dudan aldiro.

Zer du tokiko merkataritzak, saltoki handiek edo Internet bidezko plataformek ez dutena?

Gertutasuna batez ere. Gainera, komertzioak bizia ematen die gure kaleei. Bestela dena aurkituko genuke itxita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide